“Emakumeak presio estetiko askoz handiagoa izan du beti”

Maddi Etxeberria (Andoain, Gipuzkoa, 1998) Giza Nutrizioa eta Dietetika ikasi zituen EHUn eta gaur egun bere sareetan elikadura osasuntsu bat izan ahal izateko tresnak eta informazioa ematen dizkigu.


Lehenik eta behin, nor da Maddi Etxeberria? Idazlea, nutrizionista, influencerra…
Asko kostatzen zaidan galdera bat da. Egia da joera handia daukagula gure burua gure lanbideaz definitzeko, eta etiketa horretatik askatzea gustatzen zait, egiari zor. Gainera, gaur egun, nutrizioa gehiago da nire pasioa, lanbidea baino. Giza Nutrizioa eta Dietetika ikasitako pertsona bat naiz, oso kuriosoa eta sortzailea dena. Kezka sozial askok inguratzen naute eta zapalkuntza batzuek zeharkatu. Eta hortik abiatzen da nire aktibismoa. Elikaduratik hasita, baina beste gai asko barnebilduz. Baina nor da Maddi Etxeberria? Neska gazte, ameslari eta pasiodun bat bezala deskribatuko nintzateke. Bizitzaren bidean ikasten doana, etengabeko prozesu batean.


Sare sozialetan ‘begaonegin’ izeneko kontua duzu, non dieta begetalarekin lotura duten hainbat errezeta igotzen dituzun. Nola hasi zinen bertan?
Nire Begaonegin kontuko hasiera, elikadura %100 begetal batera emandako trantsizioarekin batera hasi zen. Izan ere, ohartu nintzen sareetan kontu dezente bazeuden ere gai honetaz hizketan (2016aren amaieran), euskaraz ez zegoela horrelako eduki sor­tzailerik. Hortik abiatu zen kontua, baina egia da ikasten eta pertsona bezala hazten joan naizen neurrian, nire kezkak partekatzeko espazio bat bihurtu dudala.


Zer nolako harrera izan du orain arte?
Oso ona. Azken urtean, bereziki, asko hazi da kontua; eta ondorioz, baita jasotzen ditudan mezu kopurua ere. Mezu zoragarriak iristen zaizkit; jende askok espazio segurutzat dauka nire instagram kontua eta uste dut egin diezadaketen piroporik politena dela hori.


Errezeta guztiak zureak al dira, edota webguneren bateko errezetak hartu dituzu eredutzat?
Igotzen ditudanei errezeta dei­tzea ere kostatzen zait batzuetan… Kar, kar, kar! Asko nire egunerokotasunean inprobisatutakoak dira, baina batzuetan saiatzen naiz tiktokeko edo instagrameko errezeta biralak erreproduzitzen ere. Beraz, apur bat denetik. Sareetan hainbeste input izanda, oso zaila da ideia propioak izan eta dena zuretik egitea. Beraz, ez, egiten dudana ez da nirea bakarrik. Baina aberasgarria iruditzen zait gai/errezeta/korronte berdinetik goazenok elkar inspiratzea.


Zure Instagram kontuan behin eta berriz elikadura intuitiboaz hitz egiten duzu, zer esan nahi du?
Elikadura intuitiboa, ezagutzen dugun pisu-galera dietatik irteteko alternatiba bezala proposatzen da. Ulertzen dugu, ikasi behar dugula gure gorputzaren gose- eta asetasun-seinaleak identifikatzen (izan ere, gaitasun horrekin jaiotzen gara, baina gizarteak deskonektarazi egiten gaitu) eta horri erantzunez jaten; gure gorputzaren beharrei, baina plazerari eta arlo sozial/gastronomikoari uko egin gabe.


Nola bereiztu ahal dugu elikadura intuitiboa eta elikadura emozionala?
Ezin da bereizi, txanponaren bi aldeak direlako; edo alde bera, inkluso. Elikadura emozionala asko demonizatu da azken urteetan, baina kontuan izan behar dugu ebolutiboki garatutako biziraupen estrategia bat dela. Egia da arazo bat izan daitekeela zure kudeaketa emozionaleko tresna bakarra janaria bada, baina tresna bat gehiago bada, zer dauka txarretik triste zaudenean bizkotxo bat prestatzeak?


Elikadura beganoa eduki­tzea garestia dela esan izan da. Horrela al da?
Elikadura %100eko begetala garestia da, elikadura tradizionalaren pautak jarraitzen baditugu, ez ordea, nutrizionisten gomendioak jarraituta. Biztanle ororen elikaduran, barazkiek, frutak, lekaleek eta fruitu lehorrek egon behar lukete oinarrian; eta hori da erosketa saskiko merkeena. Aldiz, haragiaren imitaziozko produktu begano espezifikoak erosi nahi badituzu, erosketa bera garestitu egingo da.


Egun ohikoak dira gazteen artean elikadura-jokabidearen nahasmenduak izatea. Sare sozialetan eta gizartean orokorrean gorputza asko kritikatzen delako. Dietista-nutrizionista zaren aldetik, nola ikusten duzu gorputzen etengabeko esposizio hori?
Oso arriskutsua iruditzen zait eta gainera, eta bereziki gazteentzat, zurrunbilo horretatik irtetea ia ezinezkoa. Egunean gorputzen inguruan jasotzen ditugun mezuak identifikatzen hasiko bagina, atzeraka eroriko ginateke, ziurrenik. Eta uste dut, nolabai, horren kontra egiten saiatu behar dugula. Azken urteetan feminismoak fokuaren azpian jarri du gorputzen problematika eta uste dut klik asko egiten ari garela buru askotan. Asko gelditzen da oraindik bidean, baina bagoaz pixkanaka.
Genero ikuspuntutik begiratuta, badirudi emakumeak ez direla inposizio estetikoetatik askatzen eta gizonezkoak gero eta lotuago daudela horietara.
Historikoki beti eduki izan du presio estetiko askoz handiagoa emakumeak eta gaur egun ere, emakumeengan eta genero disidenteengan dagoen presioa altuagoa da. Halere, egia da azken urteetan gizonezkoen gainean dagoen presioa ere handitu dela eta ondorioak ikusten hasiak garela.


Gorputzarekin daukagun harremanak gure bizitza asko baldintzatzen du, ezta?
Ikaragarri. Erresuma batuan nerabeetan egindako ikerketa baten arabera, bertako nerabe batek, egunean 4 ordu pasatzen ditu bere gorputzean pentsatzen. Askori astakeria bat irudituko zaie, baina uste dut denbora gehiago ere pasa ohi dugula. Zenbat aldiz jarri ohi dugu poltsa, eserita gaudenean magalean, sabela estal­tzeko? Zenbat aldiz aldatzen dugu arropa, gaizki ikusten garelako? Zenbat aldiz begiratzen diogu erakusleihoetako gure isladari, ondo goazela ziurtatzeko?