KOI abalak, gazteek etxebizitza bat erosteko aukerarik onena

Espainiako estatuko Ministroen Kontseiluak 2.500 milioi euroko abal-lerro bat onartu berri du otsailean, Kreditu Ofizialeko Institutuaren (KOI) bidez, gazteek eta adingabeak ardurapean dituzten familiek lehen e­txebizitza erosteko. Abalen lerro hori, batez ere, 35 urtetik beherako gazteei eta urtean 37.800 euro gordinera arteko errentak dituzten familiei zuzenduta dago.
Zenbateko hori handitu egingo da, baldin eta bikoteak badira edo adingabeak ardurapean badituzte. Ildo horri heltzen dioten maileguak formalizatzeko epea 2025eko abenduaren 31ra arte dago aurreikusita, baina ministerioak adierazi du abal horien eskaria baloratuko dela, eta, eskaeraren arabera, beste bi urte gehiago luza daitekeela.
Finantzaketa hori eskuratzeko, gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dira, hala nola 18 urtetik gorakoa izatea eta mailegua eskatu aurreko bi urteetan Espainian legezko bizilekua izatea. Gainera, ezingo da 100.000 eurotik gorako ondarerik izan.
Baldintza horiek betetzen badira, Jaurlaritzak etxebizitza baten hasierako sarreraren % 20 bermatuko du. Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioaren arabera, etxebizitza erosteko abal horiekin 50.000 familia eta gazte ingururengana iritsiko dira gu­txienez. Azken helburua da e­txebizitza duin bat eskuratu nahi duen gazte batek bere diru-sarreren % 30 baino gehiago erabili behar ez izatea.
KOI abalen lerroak, beraz, kredituaren zenbatekoaren % 20ra arte estaliko du, erositako etxebizitzak D kalifikazio energetikoa edo handiagoa duenean izan ezik; kasu horretan, zenbateko horren % 25era arte abalatu ahal izango da. Etxebizitza Ministerioak finantza-erakundeari emandako eta KOIk kudeatutako abalaren epea 10 urtekoa izango da, gehienez, eragiketa formalizatzen denetik. Epe horretan, etxebizitzak abalatutako pertsonaren ohiko bizilekua izan beharko du, baina jabeak etxebizitza hori alokatzeko aukera ere izango du, baldin eta inguruabar bereziak gertatzen badira: bizilekua aldatzea, ezkontzea, banantzea, lan-lekualdatzea edo enplegu onuragarriagoa lortzea, besteak beste.
Bi neurri horien bidez, etxebizitzarako sarbidea arintzea lortuko da, bi alderditan: batetik, ten­tsioaren mendeko merkatu alokairua sustatuz, pertsonak alokairuaren merkatutik aterako baitira eta beste batzuei etxebizitza hori eskuratzen utziko baitzaie; eta, bestetik, landa-eremuei lagunduko zaie, ingurune horietan etxebizitza autosustatuz eta, ondoren, landa-ingurunean biztanleria finkatuz. Bankuek abal horiei ematen dieten laguntzari dagokionez, ministroak nabarmendu zuen finantza-erakundeek abalen lerro horrekin bat egin beharko dutela, baina haien esku dagoela adierazi zuen. Era berean, ministerio horrek erakunde pribatuei eskatu die “etxebizitza-politiketan aliatuak” izan daitezela, eta adierazi du horretarako finantzaketa fun­tsezkoa dela eta lankidetza publiko-pribatua behar dela.

Beste baldintza eta salbuespen batzuk

Etxebizitza bi pertsonak eskuratzen badute, diru-sarreren muga eskatzaile batentzat adostutako gehienekoa (37.800 euro gordin urtean) halako bi izango da, hau da, bi erosleen diru-sarrerek ezin izango dute guztira bakoitzarentzat ezarritako muga gainditu. Puntu horretan, neurriak hobetze-faktoreak ditu, seme-alaben kopuruaren eta guraso bakarreko familiaren arabera. Horrela, muga hori 0,3 aldiz handituko da EAEAPa (2.520 euro gordin urtean) ardurapeko adingabe bakoitzeko, eta, gainera, guraso bakarreko familiaren kasuan, zenbatekoa % 70 handitu ahal izango da. Era berean, Etxebizitza Ministerioak adierazi du abalen lerro hori ezin izango dutela eskatu beste etxebizitza baten jabe direnek, nahiz eta salbuespen batzuk mantentzen dituen: etxebizitzaren zati baten jabea herentzia edo mortis causa eskualdaketa denean; etxebizitza baten titular izanik, banantze edo dibortzioagatik etxebizitza hori ez daukatela egiaztatzen duten pertsonak, edo titularraren desgaitasunagatik etxebizitza irisgarria ez denean.