Antzerki Topaketaren helburua gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea da, interprete, sortzaile, zein ikusle izan. Era berean, kultura-ekitaldietara joateko eta haietaz gozatzeko ohitura ere sustatu nahi dute. Parte hartzaileek beren antzezlanak modu profesionalean gauzatzeko aukera izango dute, hiriko sei agertokitan.
Taldeen parte-hartzea sustatu eta elkar ezagutzeko, amaiera-ekitaldi bat ere antolatu dute. Sari ematea eta festa egingo dute ekainaren 15ean. Honako sari hauek izango dira: obra onenak berriro antzezko aukera izango du eta bi antzerki emanalditara joateko sarrerak; talde artistiko onenak eta taularatze onenak ere bi antzerkitara joateko sarrerak eskuratuko dituzte. Bestetik, kategoriako irabazle guztiek trebakuntza jasoko dute, profesional talde batek eskainia. Gainera, dirulaguntza txiki bat ere izango dute talde guztiek, materiala erosteko, ekipo osagarriak alokatzeko eta gastuak ordaindu ahal izateko.
Bestalde, antzezlan guztiak bideoz grabatuko ditu profesional batek, eta talde bakoitzari haren antzezlanaren bideoaren kopia bat emango zaio. Antzezlanaren kartela ere sortuko da.
Hiriko ikastetxe, unibertsitate, antzerki eskola eta talde independente guztiei zabalik dago parte hartzeko aukera. Baldintza hauek bete beharko dituzte: talde ez-profesionala izatea eta aktoreen adina 14 eta 30 urte artekoa izatea. Lehentasuna emango zaie bertakoei eta euskararen erabilera aintzat hartuko da.
Parte hartu nahi duten taldeek eskaera inprimakia bete beharko dute, antzezlanaren argazki adierazgarri batekin batera, eta martxoaren 11 baino lehen bidali beharko dute gazteria@donostia.eus posta elektronikora.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke eta izen-emate orria, berriz, hemen.