‘Holobiontea’ lan berriak ‘Artxipelagoa’ soinu fikzio arrakastatsuari segida emango dio EITBPodkast plataforman otsailaren 26tik aurrera. ULU Mediak egindako zientzia-fikzioa eta thriller psikologikoa uztartzen dituen podcasta sei ataletan banatuta egongo da, ‘Artxipelagoa’ arrakastatsuaren denboraldi bakoitzean gertatu bezala.
Eta zein da proiektu honen argumentua? ‘Holobiontea’k Donostiako Zurriolako hondartzan hilda agertu den eta izenik ez duen espezie arraro bateko izakia du ardatz. Surflari batek topatu du itsasertzean, eta munduko komunitate zientifikoaren arreta piztu du aurkikuntzak. Hainbeste, non Matthew Mendoza euskal jatorriko ikerlari estatubatuarra ere Euskal Herrira erakarri duen. Idurre Aldazabal UPV/EHUko biologia irakaslea deitu du Eusko Jaurlaritzak ikertzaile taldearen buru izan dadin. Segituan ohartuko dira, ordea, ez dela izakia sarean erori dena, beraiek baizik. Ez dago espezieen katalogoan sailkatua, baina harraparia da.
Oier Aranzabal izan da ‘Holobiontea’ lantaldearen zuzendaria, eta Xabier eta Martin Etxeberria anaiek egin dute gidoia. Soinu banda, berriz, Maite Larburuk ekoizpenerako espresuki sortua da. Alain Urrutiak egin ditu irudiak eta Anartz Zuazuak zuzendu ditu aktoreak. Protagonistak, berriz, Nagore Aranburu, Iban Garate eta Asier Hormaza dira; eta Aitziber Garmendia, Klara Badiola, Patxi Santamaria, Kandido Uranga eta BIEUSE aktoreen elkarteko kideak ere bertan ditugu. Grabaketak Lasarteko ULU Studion egin dituzte Jon Gartziak eta Alai Ormazabalek.
Lan berri honen entzunaldi berezia egin da asteazken honetan Donostiako Aquariumean, eta euskal soinu fikzioari oinarri sendoak jartzen ari garela azpimarratu du bertan Maite Goñi EITB Mediako Audio eta Digital zuzendariak. Helburua «soinu, fikzioa indartzea» dela berretsi du. «Euskaraz kalitatezko eduki interesgarriak eskaini nahi ditugu, belaunaldi berriek kontsumitu nahiko dituzten edukiak; eta ‘Holobiontea’ eredu bikaina da», erantsi du.