Barakaldoko Karmenak iragartzeko kartelaren bila dabiltza!

Barakaldoko Karmenak uztailean egingo dute eztanda baina aurretik lan izugarria dago. Programa prestatu behar da, kontzertuak erabaki… eta jaiok iragartzen duen kartela ere zein izango den adostu. Azken honetan egingo dugu geldialdia. Izan ere, maiatza arte zabalik egongo da hurrengo Karmenak jaietarako kartel lehiaketa. Aurten, urteko asterik luzeena irudikatzen duen irudiaren atzetik dabil Barakaldoko Udala; asterik dibertigarri eta zoroena alegia. Hala nahi duten pertsonek beren proposamen artistikoak aurkez ditzakete. Bozkatuenak 1.000 euroko saria jasoko du.

Eta kartela egin nahi badugu, zer hartu behar da kontuan? Hementxe xehetasun gehiago: gaia librea da, derrigorrezko mezu bat baino ez da eskatzen: ‘Barakaldoko Karmenak 2024, uztailak 13-21’. Lehiaketan parte hartzen dutenek luma kartoiaren gainean muntatutako eta kristalik gabeko proposamena aurkeztu beharko dute, koloretan eta 70×50 cm-ko posizio bertikalean. Gainera, kartelaren hiru digitilizazio jasotzen dituen CD bat, 200 kb-ko JPG bat, 1 mb-ko beste JPG bat eta inprimaketaren azken tamainako bereizmen handiko PDF bat erantsiko dira.

Obrak Udaleko Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Sailean aurkez daitezke, udaletxeko beheko solairuan (Herriko Plaza 1, 9.00etatik 14.00etara). Hori bai, kartelek ezin izango dute egilearen izena agerian jarri, lanak anonimoak izan daitezen. Horregatik, beharrezkoa da egilearen datuak idazlanari erantsitako gutun-azal batean idaztea, azken aukeraketa erabat gardena izan dadin.

Aurreko urteetan bezala, adituen batzorde batek aukeratuko ditu sarirako finalistarik onenak, eta horiek jendaurrean jarriko dira udaleko sare sozialen bidez eta Gurutzeta eta Clara Campoamor gizarte-etxeetan. Herri-bozketa azken erabakiaren %50 izango da, eta beste %50a Jaietako Udal Batzordeari egokituko zaio.