Kultura digitalari buruzko campusa antolatu dute Bilboko gaztetxoentzat

Azkue Fundazioak eta Bilboko Udalak kultura digitalari buruzko Hala, Birala! Kanpusa antolatu dute Bilbon 2012-2013an jaiotakoentzat. Ikus-entzunezko edukiak sortzeko teknika eta sormena euskaraz lantzeaz gain, sare sozialen erabilerari buruz hausnartzea eta ikuspegi kritikoa garatzea dute helburu. Baita euskarazko bideo-jokoen munduan murgildu eta modako sare sozial erabilienen edukiak, erreferenteak eta joerak euskaraz jorratzea ere.

Campusa eskolako oporraldian izango da, apirilaren 2tik 5era, 09:30etik 14:00etara, Euskararen Etxean. Hezitzaile eta adituek gidatuko dituzte saioak eta gai hauen inguruan arituko dira: animazioa, euskarazko bideo-jokoak, sare sozialen inguruko erabilera eta portaera egokiak, eta bideoen edizioa.

Gaurtik igandera bitarte izango da zabalik plaza eskatzeko epea. Parte hartu nahi dutenek info@azkuefundazioa.org eta euskeera@bilbao.eus helbideetara idatzi behar dute. Zozketa otsailaren 26an egingo dute eta izen-emateko epea otsailaren 28tik martxoaren 4ra izango da.