Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) aste honetan egin du G9 unibertsitate-taldea osatzen duten unibertsitate publikoetako irakasleen prestakuntza-arduradunen lehen bilera presentziala. Bileraren gai nagusia irakasleentzako online prestakuntza-plana etengabe hobetzea izan da, irakasle laguntzaile doktore berriei zuzendutako online programa berritzaile bati buruz hitz egiteaz gain. Programa hori aurtengo irailean jarriko da abian. Planaren lehenengo edizioan, hasierako kalkuluen arabera, 600 irakasle laguntzaile doktorek baino gehiagok parte hartuko dute. Ekimena Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren 78. artikuluan xedatutakora egokitzen da (iaz sartu zen indarrean), eta irakasle berriei hasierako prestakuntza pedagogikoa egiteko eskatzen die.
G9 taldeko Irakasleen Batzorde Sektorialak, Zaragozako Unibertsitateko errektore José Antonio Mayoralek zuzenduta, bere azken bileran erabaki zuen G9 taldeak prestakuntza-plan integral bat diseinatu behar duela irakasle berriek gaitasun didaktiko eta metodologiko berritzaileak eskura ditzaten eta, horrela, HALren eskakizunei erantzun diezaieten. Akordio hori betez, Iruñeko bilera honetan planaren lehen xehetasunak aurreratu dira. Plan horrek komunikazio-teknikei, irakaskuntza-metodologiei, ikasgelaren kudeaketari, araudiei, nazioartekotze-estrategiei, ikerketari, aurrekontu-ekonomiari, datuen babesari eta zibersegurtasunari buruzko moduluak izango ditu, guztiak online formatuan.
Lan-bilera horretan, bestalde, G9 Taldeko Unibertsitateko Irakasleak Prestatzeko XII. Kongresua antolatu da. Unibertsitateek planean izena emateko prozesuaren balantzea egin dute, oraingo edizioak hazkunde handia izan duelako: 45 ikastaro (2023an baino % 45 gehiago) eta 2.475 plaza ( % 37 gehiago).
Bilerak aukera eman du egungo prestakuntza-eskaintza sakon berrikusteko, irakasleen eskaerari eta gogobetetzeari buruz hausnartzeko eta 2025eko ediziorako konpromisoak finkatzeko. Ikastaroak funtsezko lau arlotan sailkatuta daude: online prestakuntza, hezkuntza digitala, baliabide didaktiko digitalak eta prestakuntza-ebaluazioa. 2024ko edizioan izena emateko epea otsailaren 22ra arte egongo da zabalik G9ren webgunean (www.uni-g9.net).