Zornotzako Udalak Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo du aurten. Modu horretan, I. Ipuin Laburren Lehiaketa antolatu du, euskarazko ipuin laburren lehiaketaren lehen edizioa alegia. Hori bai, lehiaketa gazteei zein helduei zuzenduta dago, eta helburua gazte eta helduen artean euskaraz idazteko eta irakurtzeko zaletasuna piztea da.
Halaber, Udalak parte hartzeko gonbitea luzatu die zornotzar interesdunei; azken eguna apirilaren 8a izango da. Lehiaketa bi kategoriatan banatzen da: batetik, 16 eta 22 urte bitarteko idazle gazteei zuzendua dago; eta bestea, 23 urtetik gorako helduei. Era berean, oinarrietan adierazten den bezala, gogorarazi du lehiaketara aurkeztutako lanek originalak, argitaratu gabeak eta euskaraz idatziak (batuaz edo bizkaieraz) izan behar dutela; horrez gain, ez dute 3.000 karaktere baino gehiago izan behar, espazioak, izenburua eta antolatzaileek emandako berariazko hasiera barne.
Lanak A4 formatuan aurkeztu behar dira, lerroarte bikoitzarekin eta Arial letra-tipoarekin edo antzekoarekin, 12 tamainakoa gehienez. Gutun-azal itxi batean sartu behar dira, identifikazio pertsonalik gabe, baina zer kategoriatara aukezten den adierazita; gutun-azal horren barruan, obrarekin batera, gutunazal txikiago bat sartu beharko da, egilearen datuekin: izen-abizenak, telefono-zenbakia, posta elektronikoa eta NANaren kopia. Herritarren Arreta Zerbitzuan entregatu daitezke lanak, Udalean zein Zelaietan; era berean, Udalera ere bidali daitezte, posta arruntez.
Lanak Euskara Saileko eta Udal Liburutegiko teknikariek osatutako epaimahai espezializatu batek ebaluatuko ditu. Kategoria bakoitzeko irabazleek tokiko produktuen saski bana jasoko dute, eta ipuin onena Udalaren webgunean eta tokiko komunikabideetan argitaratuko da. Sari banaketa ekitaldia apirilaren 24an egingo da, Liburuaren Nazioarteko Egunean hain zuzen ere.