Bilboko Udalakm Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean, Harrapazank gazteentzako euskarazko aisia-programaren 19. edizioa egingo du martxotik maiatzera. Aukeratu zure bidea! izango da aurtengo leloa eta askotariko jarduerak izango dira sormena, musika, bideo-jokoak… eta bestelakoak ardatz hartuta.
Programa honen helburua 10 eta 16 urte bitarteko gaztetxo bilbotarrek euskara ezagutu eta aisialdian erabiltzea da, eta, ondorioz, euren guneetan eta denbora librean euskararen aldeko motibazioa eta euskararen erabilera indartzea. Bilboko areto, udaltegi eta kaleetan egingo dira jarduerak.
Aurten, hiru ildo nagusi izango dira. Lehena, Klikazank izeneko aisia digitala izango da, 2008 eta 2011. urteen artean jaiotakoentzat. Bideo-jokoen munduan murgiltzeko aukera izango dute gaztetxoek, lehiaketa eta tailerren bitartez. Alde batetik, Game Player lehiaketa egingo dute, Rocket league bideo-jokoan oinarritutako torneoa. Lau online proba norbanako gisa gainditu ondoren, finalistek maiatzaren 25ean jokatuko dute finala, Euskararen Etxean, goizeko 11:30ean. Irabazleek 150 eta 50 euroko bonuak jasoko dituzte. Beste aldetik, Game tailerrak egingo dituzte. Stream-ean ibiltzea zer den ikasiko dute eta zer baldintza behar diren gamer izateko. Tailer guztiak Euskararen Etxean egingo dira, arratsaldeko 17:30ean.
Bigarrena, Bilboko talentuen lehiaketa izango da, 2008 eta 2013 urteen artean jaiotakoei zuzendua. Banaka zein taldeka parte hartu ahalko da eta antolatu diren zuzeneko castingetan parte hartu beharko dute. Lehen urrats hori gaindituta, master class-a jasoko dute, euren talentua garatzeko. Finalean sailkatzen direnek tutoretzak jasoko dituzte, adituen laguntzaz, maiatzaren 25eko finalean, Bilborock aretoan, aurkeztuko duten ikuskizuna hobetzeko. Guztira 1.100 euro banatuko dira opari-bonuetan.
Hirugarrena, kale ginkana izango da, 2008 eta 2011 artean jaiotakoentzat. Apirileko eta maiatzeko asteburuetan, 12 eta 16 urte arteko gazteek galdera baten erantzuna bilatu beharko dute, erronkak gaindituz. Horretarako, lau eta zortzi kide arteko talde bat osatuko dute, eta erronkak eta pistak lotu beharko dituzte Bilboko lau auzoetako kaleetan. Asteburu bakoitzean, auzo batean izango da kaleko ginkana. Talde irabazleak afaria izango du sari. Jarduera hau egiteko ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Ginkana antolatzen den lekura joan behar da, taldea osatuta.
Jardueretan izena emateko epea otsailaren 15etik 29ra izango da zabalik www.harrapazank.eus webgunean.