Sei gazte oiartzundarrak, bizitza osoko lagunek, kolektibo bat osatu zuten, Gaztea Maketa Lehiaketara aurkeztu ziren eta irabazi egin zuten. Haiek “Zibilito Records” dira, 17 urte dituzte eta asko bizitzeko. “Izena besterik gabe aukeratu genuen, zilibitoa gustatu zitzaigulako”, dio Xabi Bergaretxek, taldeko kidea. Eta autotunea erabiltzen dute, gustatzen zaielako.
“Produktu on bat sortu dugu modu espontaneoan”
Lehenik eta behin, hitz egin dezagun irabazi zenuten Gaztea Maketa lehiaketari buruz. Espero zenuten?
Egia esan, ez. Hasieran apuntatu ginenean finalera iristeko ametsa edo eduki genuen, baina oso urrutiko lorpen gisa ikusten genuen. Bigarren fasera pasatzeak ilusio handia egin zigun arren, ez genuen espero finalera pasatzea, beste hogei talde baitzeuden gurekin lehiatzen eta publikoaren aukeraketatik urrun baigeunden. Epaimahaiak gu lau finalistetako bat izatea erabaki zuenean, guk irabazi izanaren sentsazioa genuen, finalera iriste hutsa irabaztea zelako guretzat. Ilusio handiz jo genuen Bilbon eta gure ustez bolo ona eman genuen gure lagun eta ikusleak animatuz. Esan beharra dago lagunak gabe ez zela berdina izango. Beraz, ez, ez genuen irabaztea espero, ez hasieratik behintzat; baina lehiaketan aurreratuz joan ahala gure ilusioa eta esperantzak handitzen joan zirela onartu beharra daukagu.
Zer egin duzue irabazitako sariarekin?
Saria gure proiektuan inbertitzea erabaki genuen, eta hori egin dugu. Diruarekin gure ekipoa eta beraz abestien soinuaren kalitatea hobetzeaz gain, bideoklip edo antzeko proiekturen bat egitea pentsatu dugu.
Nola sortu zen talde hau osatzeko ideia, eta zeintzuk izan ziren arrazoiak?
Taldea nahiko bat-batean sortu zen, kuadrillako kide batzuei proiektu sortzaile bat martxan jartzea bururatu zitzaien. Lagun guztiek ez zuten arren proiektuan parte hartu nahi izan, taldean gauden sei lagunek apustua egin eta sortze-lanean parte hartzea erabaki genuen.
Nola sortu zen bachata eta autotunea konbinatzeko ideia?
Kanpoko erreferenteak entzutean etorri zitzaigun ideia. Autotunearen erabilera askotan genero konkretu batzuetara mugatzen du jendeak, baina edozein musika estilorekin konbinatu daiteke gure ustez.
Zilibito Records izena nola sortu zen?
Askok La Polla Recordsi keinua ote den galdetu diguten arren, izena nahiko espontaneoki askorik pentsatu gabe sortu zen, inolako keinurik bilatu gabe. Hasieran Zilibito Podcast zen proiektuaren izena eta podcast bat sortzea, helburu harrigarria dirudien arren. Beste nolabaiteko grabazioak ere egitea erabaki genuenean, Podcast Records hitzagatik aldatu genuen, horrela, edonolako grabazioak sortzeko. Hala ere, ez dugu musikaz gain inolako podcast edo beste proiekturik martxan jartzeko asmorik, musikan zentraturik gure tokia aurkitu dugulako.
“Proiektuari ekarpen bat egiten dion
edonor zilibito bat da. Horregatik
kolektibo gisa aurkezten gara”
Zilibito Records ez da taldea, kolektiboa zarete; horrek zer esan nahi du?
Bada, kolektibo gisa bataiatu dugu, proiektura animatzen den edo edozein ekarpen egiten duen edozein pertsona zilibito bat delako. Hala ere, talde moduan funtzionatzen dugu gauzak egin edo erabakitzeko.
Kantak nola sortzen dituzue?
Orain arte, kantak sortzerakoan modu nahiko autonomo batean funtzionatu dugu, norberak etxean dituen baliabideekin sortu, eta ondoren taldeari erakutsi edo taldekideei kantuan sartzeko gonbita eginez. Orain, hala ere, desberdin funtzionatzen dugu. Estudioan elkartzen gara momentuan sortzeko denbora dugunak eta ditugun bi ekoizleetako batekin (edo biekin batera) elkarlanean aritzen gara. Ekoizleek basea edo oinarria egitean, abeslariok melodia eta letra sortzen dugu edo gure ideia zein den esaten dugu. Behin hori egindakoan, ekoizleek kantuak masterizatu eta nahasten dituzte. Inguruko jendearekin ere egin dugu lan, gitarra edo baxua sartzeko, adibidez. Musika denok estudioan egiteko ohiturarekin, talde itxura gehiago hartu dugu.
Zeintzuk dira epe laburreko helburuak?
Orain album baten inguruan gabiltza lanean, abesti batzuk jada prest ditugu. Asmoa negu-udaberrian ateratzea litzakeen arren, ez dakigu denboraz nola ibiliko garen, ikasketak eta musika uztartzea ez baita erraza. Bestela, single-ren bat edo prest izango dugu albuma baino lehen. Maketa lehiaketa irabazi izana motibazio punch handia izan dela esan beharra dugu prioektuarekin jarraitzeko.
Nola ikusten duzue zuen burua etorkizunean musikaren arloan?
Ba orain arteko guztia surrealista izan denez, zaila egiten zaigu denbora baten barruan geure burua imajinatzea. Epe laburrera, udan kontzertu batzuk eman eta proiektuarekin lanean segitzea dugu helburu. Hala eta guztiz ere, hankak lurrean mantendu eta gauzak ongi egitea gustatuko litzaiguke, presaka ibili gabe. Nahi gabe edo modu espontaneo batean, produktu on bat sortu dugula uste dugu eta horrela atera zaigulako izan da.