Nola dakit zoru pelbikoa landu behar dudan?

Zoru pelbikoa dinamikoa da; gure mugimenduari egokitzen zaio, baina, betiere, pelbisaren barruan organoak eusten dituen tentsio egokia mantenduz. Zoru pelbikoa ahultzen denean, egune­roko bizitzako alderdi askotan eragin dezake. Zoru
pelbiko indartsu eta osasungarria izateak
onura ugari ditu.

Pelbisaren beheko aldea osatzen duten muskulu eta ehunen multzoa da zoru pelbikoa, eta eremu horretako organo guztiei eusten die: baginari, uretrari, maskuriari, umetokiari eta zuzenari. Definizio horrekin, pelbiseko zoru osasuntsua eta indartsua izatearen garrantziaz jabetuko zinen. Baina oraindik konbentzituta ez bazaude, jakizu zoru pelbikoa lantzeak onura batzuk dakarzkizula. Lehenik eta behin, plazer sexuala areagotzen du.
Zoru pelbiko tonifikatu batek sentsibilitatea areagotu dezake sexu-harremanetan, eta orgasmo biziago eta iraunkorragoak sentiaraz ditzake, bere uzkurdurak luzeagoak eta indartsuagoak direlako. Bigarrenik, sexu-disfuntzioak tratatzen laguntzen du. Adibidez, dispareunia (sexu-harremanei lotutako genitaletako mina), baginismoa (baginako muskuluen nahi gabeko tentsioa) edo erekzioaren disfuntzioa. Hirugarrenik, gernu-inkontinentzia prebenitzen edo hobetzen du, bai eta gorotz- edo gas-inkontinentzia eta idorreria ere. Inkontinentziak jota zaudela edo ez, zure zoru pelbikoa erabiltzeak hura hobetzen edo etorkizunean ez sufritzen lagunduko dizu. Baita egonkortasun eta oreka handiagoa eman ere.