Gero eta gazte gehiagok sentitzen du leku abandonatuak bisitatzeko zaletasun berezia, ospitaleak, lantegiak, etxeak, baita herri osoak ere, garai batean oparoak izan zirenak, eta, gaur egun, abandonatu ondoren, narriadura-egoera aurreratuan daudenak. Joera hori gero eta handiagoa da, batez ere sare sozialak direla-eta. Horri urbex edo turismo beltza esaten zaio, eta helmuga makabroak, beldurgarriak eta, gehienetan, heriotzarekin oso lotuta daudenak bisitatzean datza.
Belchite Viejo, Zaragozatik 50 kilometrora kokatua, herri abandonatu eta hondatua da; bere iraganeko historiak, heriotzaz eta suntsipenez josia, azala lazten du.
1937ko abuztuaren 24tik irailaren 6ra bitarteko bi asteek markatu zuten historia berriena, herri hori izan baitzen Espainiako Gerra Zibileko borrokarik gordinenetako baten gertalekua.
Belchiteko guduak milaka hildako eragin zituen, eta herria suntsitu zuen. Gudu biziko 14 egun horietan, 5.000 pertsona baino gehiago erori ziren, eta herria zimenduetaraino suntsitua izan zen. 3.100 biztanleetatik, ia erdiak hil ziren borrokan.
Oraindik bizirik dirauten bizilagunek diote herria madarikatuta dagoela, gudu gordinetan hil ziren biztanleen arimek hartua. Bizilagun askok uste dute gudu hartan gertatutakoa oraindik ere presente dagoela kaleetan, fenomeno paranormalak gertatzen dira-eta.
Haurren barreak
Beste batzuen esanetan, egun batean kaleetatik jolasean ibili ziren haurren barreak entzuten dira gaur egun ere, baina oihu eta agonia bihurtuta. Kondaira horiek egiazkoak ote ziren berresteko, Carlos Bogdanich kazetari eta ikertzaileak Belchite bisitatzea erabaki zuen, eta bizilagunek ziotena zentzuzkoa ote zen ikustea. 1986ko urriko gau hotz batean Belchitera joan zen Cuarta Dimensión telebista-saioko lantaldearekin. Bogdanichek esan zuen goizaldean indar batek erakarri eta kontrolatzen zituela. Norbaitek gidatuko balitu bezala mugitzen ziren, ez ziren jabetzen egiten zutenaz. Bisitaldian ez zuten ezer arrarorik ikusi, baina zintak entzun zituztenean, gerrarekin erraz identifika zitezkeen soinuak erregistratuta geratu zirela egiaztatu zuten: hegazkinak, bonbak, tankeak, tiroak, baita abesti militarrak ere. Grabazio haiek oihartzun handia izan zuten, eta herri madarikatuaren kondaira are gehiago sendotu zuten.
Herria bisitatu duten pertsonek ere sentsazio arraroak sentitu dituzte beren haragietan. Bisitaldi horiek ez dute esperientzia paranormalak bizitzea bermatzen, baina turista askok kontatzen dute gauza arraroak gertatu zaizkiela: bat-bateko tenperatura-aldaketak itxurazko arrazoirik gabe, etxe hutsetako leihoetako iluntasunetik norbaitek begiratzen dielako sentsazioa, bazterretan negarrez ari den Ama Birjina baten presentzia, edo euri-egunetan agerian dauden moja haurdunen hezurrak… Ilargi beteko gauetan inoiz baino gehiago xuxurlatzen duten elezaharretako batzuk dira horiek.
Are gehiago, gauak aurrera egin ahala, areagotu egiten dira fenomeno horiek, eta jarduera paranormala biziago bihurtzen da lau lekutan: Gurutzeko plazan, hobi komunean, eta, bereziki, Belchiteko bi elizetan.

