Lodifobia edo pertsona gizenen eskubideak urratzen direnean

Lodifobia aipatzen dugunean, gizentasuna aitzakiatzat hartuta, pertsonen eskubideak oztopatzen edo urratzen dituzten praktika, diskurtso eta ekintza guztiez ari gara. Pertsona baten pisuan eragina izan dezaketen faktore asko daude: aldaketa hormonalak, estresa, genetika, botikak, traumak… Hau da, dieta mota ez da arrazoi bakarra. Kontua da gorputz mota asko daudela, baina, bereziki, kanonikoak baino pisu handiagoa duten gorputzei beti iseka egin zaiela.

Zoritxarrez, gure gizartean oso ohikoa da gorputz estilizaturik ez duten pertsonek edo indarrean dauden edertasun-kanonekin bat ez datozenek diskriminazioa jasatea. Edozein akats fisikok, edozein desgaitasunek, eragin diezaieke ustezko gabezia hori duen pertsonaren eskubideei. Eta gizentasuna duten pertsonak ez dira gaitz honetatik libratzen.
Lehenik eta behin, familia-eremua dago, non pertsona askok beren fisikoari buruzko iruzkin lodifoboak jasaten dituzten. Familiako kideren batek gorputz-pisua murriztea eragiteko familiaren argudioak, oro har, osasuna zaintzean eta gaixotasunak prebenitzean oinarritzen dira; hala ere, praktikan, estetikarekin lotutako alderdiak batzen dira, iruzkinak, txantxak edo isekak adierazteko. Esate baterako, “Ze pena, duzun aurpegi politarekin…” edo “Zein eder zauden orain!”, pertsona bat pixka bat argaltzen denean, ohiko esamoldeak dira.
Bigarrenik, eskolan haur gizenei “gelako potoloa” etiketa jar­tzen zaie. Kasu honetan, ezaugarri negatiboak egozten zaizkie, hala nola baldarkeria, diziplina falta eta makaltasuna. Haur talde batek gehiegizko pisua duen beste haur bat bere “txantxetako” objektutzat hartzen duenean, “kontuz, zanpatu egiten nauzu” bezalako iruzkinak egin ohi dizkie, taldeak osatzerakoan azkenak aukeratzeko edo baztertuta uzteko joera izaten dute, eta batzuetan pelikuletan beraiei buruz agertzen den irudiagatik nazka emango baliete bezala tratatzen dituzte: asko jatera eta une oro izerdia botatzera muga­tzen dira.
Lan-eremuan ere lodifobia-zer­tzeladak nabaritzen dira; izan ere, enpresa askok gorputz meheagoko langileak izatea aukeratzen dute, “erakargarriagoak” direlako eta, horrela, bezeroekin saltzea edo komunikatzea errazagoa delako. Askotan, arropa-denda bateko atetik sartu bezain laster saltzaileek “hemen ez dugu zuretzat arropa egokirik” botatzen diete, inolako begirunerik gabe.
Arauz kanpoko gorputzak dituzten per­tsonek adierazten dute batzuetan onginahi faltsua dagoela, non pertsona batzuek gehiegizko pisua dutenak kritikatzen dituzten, beren iruzkin iraingarriak beren osasunarekiko kezka gisa ezkutatuz.

Pisuak eragina du

Ezin Kabitu taldeak (lodifobiaren aurkako aktibista euskaldunak) esaten duen bezala, “normala” baino pisu gehiago duten per­tsonak ez dira berdinak. “Gorputz lodia gorputz itsusi, lauso, immoral eta nazkagarritzat hartu izan da eta hartzen da, eta horregatik ez gara leku askotan sartu. Sarritan, ez gara mugimendu aktibistetan sartu, esparru askotatik kanpo egon gara, eta bazen garaia aurrea hartzeko ez garela sartzen esateko, baina sistema honetan ere ez dugu sartu nahi”.
Mespretxu horien adibide da pertsona “lodi” baten pasadizoa. Pertsona hori lan bila zebilen, baina ez zuen lortu argaldu zen arte, nahiz eta bere prestakuntza eta trebetasunak gizen zegoen garaiko berberak izan. Beste bat, oso ohikoa: mutil edo neska bat pisu handiagoko pertsona baten bikotekidea denean, ziurtzat jotzen da etsita egon behar duela “horrelako norbaitekin” ibiltzeagatik. Interneteko hainbat plataformak, StopGordofobiak esaterako, per­tsonei aukera berdinak emateko eskatzen dute, haien pisua eta tamaina edozein izanda ere. Ez dute gizentasunaren edo osasunerako ohitura txarren apologia egiten, jende askok uste duen bezala.