Paul Urkijoren IRATI fantasiazko filma izan da 2023an zinemetan euskaraz estreinatu den fikziozko filma bakarra. 2023 osoan zehar ez da euskarazko fikziozko filma gehiago estreinatu, euskarazko hainbat dokumental eta haurrentzako nazioarteko pelikula batzuk euskarara bikoiztuta estreinatu badira ere.
564 estreinalditik, jatorrizko bertsioa euskaraz 4 filmek izan dute, euskarara bikoiztuta beste 10 eskaini dira, eta elebidunak edo hirueledunak direnak beste 3 izan dira. Beraz, azken hauek kanpo utzita, estreinaldien % 2,48 izan da euskaraz Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan. Honi gehitu behar zaio euskarazko filmek izaten duten emanaldi kopurua gaztelerazkoek dutena baino askoz ere txikiagoa izaten dela, beraz, emanaldi kopuruari begiratuz gero, euskarazko eskaintza are txikiagoa litzateke: %1 baino txikiagoa. Ipar Euskal Herriko egoera, berriz, askozaz ere okerragoa dela pentsa daiteke, datu zehatzik eskuratu ez den arren. Egia da aurten UEMA eta Tinko Euskara elkarteak “ZinUEMA” proiektu pilotua martxan jarri zutela Ataun, Azpeitia, Etxarri eta Igorre herrietan, 3 hilabetez astero euskarazko eskaintza bermatzeko. Beraz, herri hauetako udal areto, kultur etxe, eta zinema geletan euskarak presentzia handiagoa izan du, udalen menpe dauden eta euskararekiko sentsibilitatea duten beste hainbat areto txikietan bezala.