Hizkuntzaren ezagutza zabaltzea euskararen erronka nagusia da, Kontseiluaren arabera

Joan den urtarrilaren 26an, Euskalgintzaren Kontseiluak 2023. urteko irakurketa eta ondorioak izeneko txostena aurkeztu zuen Donostian. Txosten honek, aurreko urteko gorabeherak aztertzeaz gain, 2024ko erronkei egiten die erreferentzia, eta ez dira gutxi, Idurre Eskisabelek emandako datuen arabera.
Etorkizunera begira euskarak bizirik irauteko dituen hizkuntza-politiketan “erronkei aurre egiteko moduko jauzia” eragitea ezinbestekotzat jo du Kontseiluko idazkari nagusiak, eta Europar Batasunean euskararen ofizialtasunerako atea irekitzea albiste ontzat jo zuen, nahiz eta azaldu zuen ofizialtasunaren aitortza ez dela bere hu­tsean “minorizazioa gainditzeko tresna automatikoa”. Horrela argudiatu zuen Kontseiluko Ordezkariek Bruselan agerraldia egin izana, “Batasuneko Estatu kideei hizkuntza-berdintasunaren alde egiteko eskatuz”. Aldi berean, salatu zuten EBn ofizialtasuna bilatzea eta Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ez-ofiziala izatea.
Lurralde bakoitzeko azterketa ere egin zuen Eskisabelek eta etorkizunera begirako hizkuntza-politiken arloko jauzia egitetik euskara urrun dagoela azpimarratu zuen. Izan ere, datozen 10 urteetarako Eusko Jaurlaritzaren “marko estrategikoa” ezarriko duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartze bidean dago, eta sektore publikoan euskararen normalizazioa arautuko duen Dekretua ere azken txanpan sartua da. Era berean, hobetu beharreko zenbait elementu ere aipatu zituen: administrazioa, euskalduntzeko epea ezar­tzea, derrigortasun-indizeen eskema gainditu beharra…
Nafarroako egoera
Nafarroari dagokionez, Euskararen Nafar Kontseiluak Euskararen II. Plan Estrategikoaren azken proposamena bozkatu eta onartu ondoren, Gobernuak “kutxa batean sartu eta blokeatu” egin duela azpimarratu zuen. Gainera, euskara merezimendu gisa “eremu mistoko lanpostu zehatz batzuetan soilik” arautuko dela ziurtatu zuen, eta ondorioz, haren “eragin murritza” azpimarratu zuen. Hezkuntzaren eremua “euskararen normalizazio eta biziberritzerako tresna nagusietakoa” dela adierazi zuen, eta arreta berezia jarri zuen abenduaren 21ean onartutako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berriarengan. Haren esanetan, “hau ez da izango euskararen etorkizuneko belaunaldietan ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzeko urrats sendo eta irmoa emango duen legea”.
Nafarroan, Hezkuntza Departamenduak euskararen hedapena “galgatzen” jarraitzen duela esan zuen, eta Iruñeko Lezkairu auzoan ikastetxe publiko berria D eredurik gabe zabaldu izana adibidetzat jarri zuen.