“Garrantzitsua da guretzat espazio seguru bat sortzea” Ainhoa Vitoria aurkezlea eta irrati esataria

Ainhoa Vitoria (Arrasate, 1987) irratiko aurkezle eta esataria da. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna, hamar urte baino gehiago daramatza Gaztea Irratian. Gaur egun, EiTB Podkast plataforma eta Gaztearen Youtube kanala zuzentzen ditu, Olatz Salvador eta Lore Nekane Billelabeitiarekin batera.
Zure burua hitz gutxitan definitu beharko bazenu, nola aurkeztuko zinateke?
Segurtasun gutxiduna, pazien­tzia handikoa eta burugogorra bezain goxoa.
Ikus-entzunezko gradua ikasi zenuen; praktikak egin zenituen irratian, eta, ordutik, bertan ari zara lanean. Zerk erakarri zintuen irratira?
Gogoan dut irratiaz maitemindu nintzela unibertsitate garaian. Ordurarte musikazalea nintzen; irratia baino musika entzutea gustatzen zitzaidan. Unibertsitateko bigarren mailan hasi ginen irratigintza lantzen eta orduan konturatu nintzen ondo moldatzen nintzela, eroso sentitzen nintzela eta, nolabait, irrati estudioak konfort sentsazioa ematen zidala.
Egun, Gaztea irratiaz gain, Yoko Ona podcasta zuzen­tzen duzu. Zer da Yoko Ona podcasta?
Yoko Ona feminismoa ardatz duen elkarrizketa saioa da. Euskal erreferente diren emakumeak gonbidatzen ditugu guretzat garrantzitsuak diren gaietaz eztabaidatzeko aukera izan dezaten.
Nolakoa da Olatz Salvadorrekin eta Lore Nekane Billelabeitiarekin lan egitea?
Erraza dela esango nuke. Niretzat erreferente diren emakumeak dira; lehen, profesionalki miresten nituen eta orain pertsonalki ere miresten ditut. Ekarpen interesgarriak egiten dituzte saioro eta eskertzen dut euren esperientzia gurekin denokin partekatzea. Haien alde pertsonala erakusten digute kapituluro eta hori eskertzekoa da.
Zer esan nahi du Yoko Ona izenak?
Olatz Salvadorren ideia izan zen. Podkastari izena jartzen ari ginela, brainstorminga egiten hasi ginen eta gure saioa definituko zuen izen bat nahi genuen. Emakume musikariei ahotsa ematea zenez hasierako helburua, nahiko baztertuta egon den Yoko Onoren figura goraipatu nahi izan genuen. Hitz jokoa da Yoko Ono eta “joko ona”ren artekoa. Gure asmoa ere badelako jokamolde onak aldarrikatzea.
Nondik sortu zen ideia?
Podkasta egiteko ideia ­­­Gazteako koordinatzaileak, Xabier Doncelek proposatu zigun. Bere nahia euskal emakume musikariei ikusgarritasuna ematea zen eta Olatz Salvador eta Lore Nekane Billelabeitiari deitu zien euren esperientziak, hausnarketak, kezkak podkast batean partekatzeko, eta niri hori guztia bideratzeko eskatu zidan. Halaxe hasi ginen, hiruron esperientziak kontatzen, baina kontua handitzen joan da eta orain, Euskal Herrian erreferente diren emakumeak gonbidatzen ditugu.
Dagoeneko 3. denboraldia grabatu duzue, eta argi dago entzuleen artean arrakasta izan duela. Zure ustez, zerk egiten du berezi Yoko Ona podcasta?
Hori gainerakoek esan behar dute kar-kar Baina, tira, nire obsesioetako bat gonbidatua eroso senti­tzea da. Garrantzitsua da guretzat espazio seguru bat sortzea denok lasai hitz egiteko, epairik gabe eta modu askean. Eta, nik uste, lortu dugula. Gainera, Olatz, Lore eta gainerako gonbidatuek euren esperientziak hain modu naturalean kontatzen ikusteak ere laguntzen du jendearengana gerturatzeko. Bestalde, Andrearen tartea ere aldarrikatu nahi dut. Euskal emakume sortzaileen lanak ikusarazteko espazioa sortu nahi izan dugu eta keinu hori askotan eskertu digute.
Gaur egun, oso modan dago podcastak entzutea, eta gai oso desberdinetakoak topatu ditzakegu. Zeintzuk gomendatzen dituzu? Eta zeintzuk dira zure erreferenteak podcastgintzan?

Podcast kontsumitzaile amorratua naiz eta kalitate handiko saioak egiten ari dira. Lehenik eta behin, Benetan Zabiz saioa gomendatuko nuke. Euskal Herrian dugun saiorik freskoenetako bat da eta beti irribarre batekin entzuten dut. Bestalde, erreferente asko ditut podcast­gintzan eta konturatu naiz denak emakumeak direla kar-kar. Batetik, Judith Tiral aipatuko nuke. Elkarrizketak egiteko duen modua eredugarria da niretzat. Elkarrizketatzaile bikaina da. Tenia la duda eta No te habías preguntado podcastak ditu. Bestetik, Nerea Perez de las Heras eta Ines Hernand. Feminismoan erreferente dira niretzat. Trebeak dira gai deserosoak jorratzen eta badakite ikus-entzuleen kon­tzientzia astintzen.
Non sentitzen zara erosoago, Gazteako saioetan edo Yoko Ona podcastean? Zergatik?
Bietan sentitzen naiz gustora. Gaztean urte asko daramatzat eta nire egunerokoaren parte da. Etxean bezala sentitzen naiz. Yoko Ona, aldiz, exijenteago da niretzat. Erantzukizun handiagoa dudala uste dut eta gaiak ondo jorratzeko gidoiak ondo landu behar dira. Gainera, urtean pare bat bider geratzen garenez, iraunkortasunik izan ezean, grabaketetara ohitu behar dugu aldiro. Hala ere, sentitzen dut Yoko Ona inoiz ahaztuko ez dudan proiektua dela. Oparia da niretzat.
Amaitzeko, kontuan izanda musika zale amorratua zarela, zein da azkenaldi honetan etengabe entzuten ari zaren musika taldea edo artista? Gomendatu ahal diguzu musika talde edo artista bat?
Oso urte oparoa izan da musikari dagokionez, baina orain, momentu honetan entzuten ari naizen musika gomendatuko dizuet. Bi kantu eta bi disko. Kantuei dagokienez, Neomak taldearen Aioiaia eta Izaroren ­X eta besteak. 15urte eduki nahiko nituzke kantu hauekin ahalduntzeko. Eta, diskoei dagokienez, Romy-ren Mid Air. Zoragarria da hasieratik bukaera arte. Eta, noski, Belakoren Sigo Regando. Bosgarren lan honetan ere harribitxiak topatu ditudalako, esaterako, New Light Slades eta Flower Trouble.