Gobernu Kontseiluak Emantzipa Progama onartu zuen 2023ko martxoaren 21ean. Programa horren bidez, gazteen emantzipazioari laguntzeko 53 milioiko aurrekontua bideratuko da, eta aurreikusten da lehen urtean 15.000 euskal gaztek baino gehiagok jasoko dutela laguntza. Gazteen Emantzipaziorako Estrategiaren helburua da 2030erako emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtetik behera murriztea eta emantzipazio-tasa % 50era igotzea. Horretarako, neurri-ekosistema bat biltzen du, belaunaldi gazteekin lankidetzan aritzera bideratua, haien autonomia-prozesuetan eta bizi-proiektuak eraikitzeko prozesuetan.
Eusko Jaurlaritzak 2024ko otsailaren 20ko data ezarri du Emantzipa Programaren eskaerak aurkezten hasteko. Bi urtean zehar, hilean 300 euroko zuzeneko dirulaguntza aurreikusten du 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, emantzipazio-prozesu bat hasi dutenentzat edo hasteko zorian daudenentzat.
Prestazio horren helburu zuzena gazteen emantzipazio-prozesuak erraztea da, bultzada baten bidez. Kontuan izan behar da Euskadiko gazte gehienak 30 urte inguruan edo adin horretatik aurrera emantzipatzen direla. 25-29 urteko gazteek zailtasun handiagoak dituzte. Adin-tarte horretan, emantzipatutako pertsonen ehunekoa % 32,8tik behera dago.
Emantzipa programa honek Gazteriaren Legearen aurreikuspenak garatzen ditu, eta zuzenean lotuta dago 2022ko martxoan eta ekainean, hurrenez hurren, onartutako Erronka Demografikorako 2030erako Euskal Estrategiarekin. Emantzipak lotura zuzena du Erronka Demografikoarekin; izan ere, gazteak ezin badira independizatu eta ezin badute beren eremua izan, izugarri zailtzen da familia sortzeko aukera. Euskadi estatu osoko jaiotza-tasa baxuena duen autonomia-erkidegoetako bat da. 2023ko bigarren hiruhilekoan 3.205 jaiotza izan ziren, aurreko urteko aldi berean baino % 3,9 gutxiago, % 4,6ko urteko jaitsiera metatuarekin. Eustaten datuen arabera, jaiotzen jaitsierarik nabarmenena Araban izan zen (% 8,9); gero, Bizkaian (% 3,6) eta, azkenik, Gipuzkoan (% 1,5).
Eusko Jaurlaritzak gazteei emantzipatzen laguntzeko eta bizitza berri bat hastea errazteko egin duen apustu horretan, hilean 300 euroko laguntza horri honako hauek gehitu behar zaizkio: hilean 200 euroko laguntza seme-alaba bakoitzeko, hiru urtera arte; Gaztelagun Programaren alokairurako laguntzak, hilean 300 euroraino irits daitezkeenak; Haurreskolen 0-2 urteko etapa doakoa izatea; ondorengoengatiko zerga-kenkariak, edo kontziliazioaren arloan indarrean dauden neurriak.
Baldintzak eta bateragarritasuna
Laguntza horiek jasotzeko, interesdunek 25 eta 29 urte bitartean izan beharko dituzte laguntza eskatzeko unean. Gainera, EAEko edozein udalerritan erroldatuta egon beharko dute, eskaera egin baino urtebete lehenagotik gutxienez, edo, bestela, azken hamar urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan hiru urtez jarraian erroldatuta egon direla egiaztatu beharko dute.
Diru-sarrerei dagokienez, urtean 3.000 eurotik gorako eta 28.000 eurotik beherako diru-sarrerak izan beharko dituzte. Eta ondasun, eskubide edo aktibo finantzarioei dagokienez, ezingo dira 75.000 eurotik gorakoak izan. Azkenik, emantzipatu egin direla egiaztatu beharko dute, etxebizitza libre baten errentamendu- edo salerosketa-kontratua aurkeztuta, eta ohiko bizileku iraunkorra izan beharko du.
Ezin izango dute laguntzarik jaso alokairuko babes publikoko etxebizitza bat edo jabetzako babes publikoko etxebizitza bat duten gazteek.
Nabarmendu behar da Emantzipa Programako laguntza bateragarria izango dela lehendik dauden beste laguntza batzuekin, hala nola Gaztelagun programarekin, diru-sarrerak bermatzeko errentarekin eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriarekin, gizarte-larrialdietarako laguntzekin eta alokairu-gastuak ordaintzen laguntzen duten udalen edo Administrazio Publikoen beste laguntza batzuk jasotzearekin.