Mondragon Unibertsitateko STAMM ikasle-taldeak sustatu eta koordinatu du Ondarea Bizkaia bideo-lehiaketa, 2024ko Ondarearen Europako Jardunaldien esparruan antolatu dena. “Gure ondare baliotsua modu biralean zabaltzeko” helburua du lehiaketak. “Batzuok belaunaldiz belaunaldi igaro diren familia tradizioekin identifikatzen dugu ondarea, beste batzuok historiarekin, monumentuekin, artearekin, musikarekin lotzen dugu. Ondarea gure inguruan dago, berari erreparatzea baino ez duzue. Horregatik, bideo baten bidez zure begirada hurbiltzeko eta partekatzeko eskatzen dizugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Bi kategoria izango dira lehiaketan: bata, 11 urtetik 17ra bitartekoentzat, eta bestea, 18 urtetik aurrerakoentzat. Parte-hartzaileen egitekoa Bizkaiko ibilbide, bide historiko eta ibilbide kulturalak, monumentu historikoak… kamera baten bidez hilezkortzea izango da, “bere sormenagatik, balio hezitzaileagatik eta berrikuntzagatik” nabarmenduko den bideo bat sortzeko asmoz.
Bideoek gutxienez minutu bateko iraupena izan beharko dute eta bostekoa gehienez. Bizkaiarekin lotutako ondarea izan beharko da ardatza, eta aurkezten den bideo bakoitza 2-5 partaidez osatutako talde batek egin beharko du.
Bideoa otsailaren 18a baino lehen bidali beharko da QRa eskaneatuta edo euren formularioaren bidez.
Irabazleak martxoaren 4an aukeratuko dira, “sormenean, hezkuntza-balioan eta berrikuntzan oinarrituta”. Adin-kategoria bakoitzeko sari bat egongo da. Gainera, finalistak Young European Heritage Makers lehiaketan parte hartzeko hautatuko dira.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.