Goya sarietan hamabost izendapen dituen 20.000 especies de abejas filma Primeran plataforman dago ikusgai, gaurtik aurrera, euskaraz. Estibaliz Urresolak zuzendutako filmak beste sari batzuk ere eskuratu ditu, hala nola film dramatiko onenaren saria Feroz sarietan, eta film onenaren Forqué saria.
Filmaren protagonista zortzi urteko Coco da. Ez dator bat gainontzekoek berarengandik espero dutenarekin, eta ez du ulertzen zergatik. Inguruko guztiek beti Aitor deitzen dioten arren, berak ez du bere burua izen horrekin identifikatzen. Anek, bere amak, oporrak aprobetxatuko ditu bere hiru seme-alabekin amaren etxera joateko. Bertan bere ama Lita eta Lourdes izeba erlezaina bizi dira. Uda honek bizitza aldatuko die.
Patricia Lopez Arnaiz, Sofia Otero, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio eta Sara Cozar dira filmaren aktoreak.
Urresolaren lanaz gain, Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos filma ere plataforman bertan ikusi ahal izango da, euskaraz. Ama izan berri den Amaia da pelikularen protagonista. Bere bikotekideak lanera alde egingo du aste batzuetarako, eta bere gurasoen etxera itzuliko da, Euskal Herriko kostako herri batera. Hartara, umea zaintzeko ardura elkarbanatu ahal izango du. Ama izateaz gain, alaba ere badela ohartuko da.