UNAI GANDARIAS /2019-12-23/ Donostia Kirola udal erakundeak ‘Gabonetan Non Stop’ kanpaina antolatu du abenduaren 23tik urtarrilaren 3ra, ‘Kirol Ekintzak’ kanpainako ikastaroen oporraldia aprobetxatuz. 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat eskaintza berezia egingo du Gabonetako programak, adingabeen artean kirola sustatzeko helburuarekin.
Kanpainak 4.200 plaza eskainiko ditu Bidebieta, Bentaberri, Altza, Intxaurrondo, Belodromoa, Etxadi, Paco Yoldi eta Egiako kiroldegietan antolatuko diren 194 saioetan. Kiroldegiotan hainbat jarduera egin ahal izango dira, besteak beste, pilates, dantza latinoak, ziklo indoor, TRX, GAP, latinzumba, cross training, yoga, mantentze gimnasia, stretching edo bizkorketa.