Gazteentzako nanoipuinen lehiaketak bederatzigarren edizioa izango du eta 12 eta 30 urte arteko Gasteizko gazteei zuzenduta dago. Aurtengo baldintza musikarekin lotutako hitz bat sartzea izango da, egileak berak aukeratutakoa.
Bestetik, testuen luzerari dagokionez, gehienez 300 karaktere idatzi beharko dira, eta pertsonako gehienez bi ipuin aurkeztu ahal izango dira, euskaraz edo gaztelaniaz idatzita. Nanoipuinak originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira, eta istorio bat kontatu edo iradoki beharko dute.
Hiru kategoria daude, adinaren arabera sailkatuta: A kategirua, DBHko 1. eta 2.mailako ikasleentzat; B kategoria, DBHko 3. mailatik hasi eta 18 urte artekoentzat; eta Laboral Kutxa Saria 19 eta 30 urte arteko gazteentzat.
Sariak ere izango dira lehiaketan, 100 edo 250 euroko diru-saria irabazleentzat, eta opari txartelak eta diplomak lehen eta bigarren sarituentzat. Nanoipuin irabazleak udalaren webgunean eta Liburutegien Udal Sareko sare sozialetan argitaratuko dira. Gainera, Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Eskolako (ID-arte) ikasleek ilustratuko dituzte eta hiriko hainbat gizarte-etxetan ikusgai izango den erakusketa ibiltaria sortuko da haiekin.
Ipuinak aurkezteko epea martxoaren 4ra arte egongo da zabalik. Xehetasunak hemen kontsulta daitezke.