Pertsona hipokondriakoak heriotza goiztiarragoa izan lezakete zientziaren arabera

Hipokondria ez da txantxetako kontua. Gizarteak pertsona hauek barregarri uzteko joera izan ohi du, jokabide komikoa balute moduan, baina pertsona horien bizitza modu larrian baldintzatu dezake. Lehenik, estuasun psikologikoa hazten duelako eta harreman sozialei eragin. Bigarrenik, Suedian burututako eta JAMA Psychiatry aldizkarian argitaratutako ikerketa baten emaitzen arabera, hipokondriakoa izateak bizitza laburtzen duelako.

Ikerketako autoreek aurkitu zutenaren arabera heriotza arrazoi natural edo ez naturalengatik etorri daiteke  pertsona hauengan eta ez naturaletan, lehen postuan suizidioa dago. Izan ere, hiponkondriakoak diren pertsonak estigmatizatua eta ez maitatuak sentitu litezke, euren antsietate eta depresioa areagotuz eta honek zenbaitetan beren buruaz beste egitera eramaten ditu. Baztertuak sentitu ohi dira, ez ulertuak. Nazkatuta daude euren beldurrak besteek ez ulertzeaz.

Bestalde, ikerketaren arabera, modu naturalean hiltzeko aukera gehiago ere bai omen dituzte. Honen azalpena zertxobait konplexuagoa da. Bizitza estiloarekin zerikusia izan lezaketen arrazoiak egon omen daitezke: alkoholaren kontsumoa, tabakoa, drogak… antsietatea pairatzen duten pertsonek horrelakoak kontsumitzea ohikoagoa izaten delako. Gaixotasunei eta heriotzari beldur gehiago diotenez, pentsamendu horiek baretzeko sustantzia hauetara jotzea ohikoa da, nahiz eta gaixotzeko eta hiltzeko dituzten aukerak gehitzen dizkien. 

Honek guztiak gauza bat frogatzen du: hipokondria edo, adituek deitzea nahiago duten modan, gaixotasunagatiko antsietate nahastea oso irrazionala da eta tratamendu psikologiko baten beharra du. Zure inguruko batek hau esperimentatzen badu ez esan zeinen barregarriak diren bere beldurrak, ez da eta berarentzat txantxetako kontua. Egoerari sufrimendua gehitzeko baino ez dio balioko zure erantzunak. Horren ordez terapiara joan dadin animatu ezazu. Bizitza baketsuago eta luzeago bat izateko aukerak gehituko ditu horrela eta.

Iturria: Gaztezulo