Bilboko Udalak Bilboko II. Gazte Panela antolatu du, lehenengo edizioa arrakastatsua izan zela ikusita. Parte hartzeko gune bat da, udalaren funtzionamendua eta jarduera ezagutzeko, Bilboko gazteen interesak eta kezkak identifikatzeko eta ekintza berriak abian jartzeko diseinatua, ‘Bilbao Hiri Gaztea 2022/25’ Gazteriaren Tokiko Agendaren esparruan.
Bigarren edizio honetan 25 gaztek parte hartuko dute. Horietako 13 2023ko edizioan parte hartutakoak dira, eta beste 12 deialdi berriaren eskatzaileen artean hautatuko dira, irizpide hauek kontuan hartuta: adina (18 urtetik 30era), sexua, zein barrutitan bizi diren, ikasketa-maila, kultura-jatorria eta lan-egoera.
Interesdunek izena eman dezakete, gaurtik aurrera, udalaren webgunean; hala ere, Gazteria eta Kirol Sailak informazio-saio bat antolatu du xehetasunak emateko, urtarrilaren 24an, 18.00etan, La Perrera eraikinean (Sabino Arana 50).
Bilboko Gazte Panela 2024 osatzen duten gazteak lau lantaldetan arituko dira, eta hortik, beren interesen arabera, programak eta ekintzak garatuko dituzte, ondoren ‘Bilbao Hiri Gaztea 2022/25’ Gazteriaren Tokiko Agendaren barruan abiaraziko direnak. Urtean zehar, bost saiotan, lau taldeek beren proposamenak eta aurrerapenak partekatuko dituzte, taldearen ikuspegi desberdinak kontrastatuz.
2023ko edizioan, Bilboko I. Gazte Panelak hainbat proposamen garatu zituen hainbat arlotan, hala nola, udalak gazteekin duen komunikazioa hobetzea, gazte-ekimenak babestea edo gazteen emantzipazioa babesteko programazioa.