UNAI GANDARIAS /2019-12-23/ Lanbide euskal enplegu zerbitzuaren sareko 42 bulegoek eta www.lanbide.net webguneak Prestakuntza Kontua izeneko zerbitzu berria eskaintzen du aurreko ostegunetik, “merkatuaren ezaugarrietara eta pertsona bakoitzaren lanbide gaitasunetara egokitzen den lanpostu batera jotzeko aukerari bide emateko”.
“Gure erabiltzaileentzat gero eta eraginkorragoak diren zerbitzu eta programak eskaintzearen alde egiten dugun apustuan, Prestakuntza Kontua izeneko zerbitzua sortu dugu, langileen okupazio maila hobetzeko, enplegurako prestakuntzaren bidez”, azaldu du Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak, zerbitzu berria aurkeztean.
Prestakuntza Kontua tresna informatiko batetik abiatzen da. Bertan, edozein pertsonak erregistra edo egunera ditzake bere lanbide gaitasunak, lan esperientzia edo beste edozein prestakuntza mota (ikastaroak, titulazioak, hizkuntzak, lanbide txartelak eta abar).
Kasu bakoitzean emandako informazioaren bidez, euskal enplegu zerbitzuak banako prestakuntza ibilbidea prestatuko du, pertsona bakoitzaren lanbide gaitasun berezietatik abiatuta eta haiek lan-merkatuaren eskarira egokituta. “Prestakuntza Kontutik eskuratzen ditugun datuekin, pertsona bakoitzaren lanbide proUlera eta enpresen eskarietara egokituago dauden prestakuntza ibilbideak eskaini ahalko ditugu”, esan du Belandiak.
Era berean, erabiltzaileek beren lan esperientziako datuak kontsultatu ahalko dituzte, eta profesionaltasun ziurtagiri bati edo akreditazio partzial bati lotutako titulu bat bidaltzeko eskatu.
Enpresak eta Lanbideko zentro laguntzaileak izango dira produktu berriaren emaitzen onuradunak. Belandiaren arabera, “enpresak beren profesionalen gaitasuna zuzentzera edo bideratzera orienta ditzakegu, merkatuaren eskakizunei erantzuteko eta haien produktibitatea areagotzeko eta, hala, langile okupatuen trebakuntza eta akreditazio maila hobetzeko”.
Era berean, prestakuntza zentroek beren enplegurako prestakuntza ikastaroetan izena eman duten pertsonen gaitasun eta errekerimenduei buruzko informazioa jaso ahalko dute.