Pabellón 6eko Gazte Konpainiak ‘Egun zoragarriak’ dakarzkigu

Pabellón 6eko Gazte Konpainiak ‘Egun zoragarriak’ / ‘Días estupendos’ dakar. Estreinaldia euskaraz izango da, urtarrilaren 19tik 21era. Sarrerak hemen eskura daitezke. Ostiraleko eta larunbateko emanaldia 19.30ean izango da, eta igandekoa 19.00etan.

‘Días estupendos’ udari buruz hitz egiten duen Alfredo Sanzolen testua da. Pieza istorio txikietan oinarrituta dago eta udaren nostalgia eta haurtzaroaren askatasun galdua ekartzen ditu gogora. Gainera, eguneroko bizitzako errutinatik kanpo proiektatzen ditugun adiskidetasunari, harreman pertsonalei eta fantasiei buruzko hausnarketa proposatzen du.

«Udan, nork bere paradisua eraikitzen du, eta kurtsoan zehar egin ezin dituen gauza guztiak egiten ditu, ausartzen ez delako edo astirik ez daukalako. Gainera, denok desiatzen dugu alaitasun eta poztasun hura eguneroko bizitzara eramatea. Udako iheskortasun hura urte osoan iraun arazteko gogo horrek frustrazioa dakar. Frustazio hori antzematen da antzezlanean. Une dramatikoak eta barregarriak tartekatzen dira. Komedia sentsual, lotsagabe eta sentimentala da», laburbiltzen dute.

16 esketxez osatutako lana Itziar Lazkanok zuzendu du eta eszena/istorio bakoitzeko rol ezberdinetan 6 antzezle arituko dira: Gorka Luna, Izar Pizarro, Itxaso Sanchez, Omar Somai, Markel Vázquez eta Sofía Zallio.

Urtebete falta da Pabellón 6eko Gazte Konpainiaren hamargarren urteurrenerako, eta oraindik indarrean dago talde gazteen profesionalizazioaren aldeko apustua egiteko helburua. Urte hauetan, 50 aktore gazte baino gehiago pasatu dira bertatik, eta bederatzi ekoizpen propio utzi dituzte guztira.