Arazo larria da, zalantzarik ez dago. Beraz, existitzen den errealitatea dela argi dagoenez, presente izan behar dugu. Adineko askok pairatzen duen bakardadeaz ari gara, nahi gabeko bakardadeaz alegia. Hori dela eta, arazoaren aurrean herritarrak kontzientziatzeko asmoz, ‘Bakardade ikusezina’ eskultura sortu zuten. Hain zuzen ere, Mercedes izeneko emakume baten irudia banku batean eserita ikusten da. Obra bertatik bertara ikusi nahi duzu? Oraingo honetan, Mungiara egin du jauzi, Torrebillela Kultur Etxean hain zuzen ere, urtarrilaren 31ra arte bisita dezakegu.
Obrak dagoeneko hainbat udalerri bisitatu ditu baina oraindik ere ezagutzen ez baduzu, ez utzi beste baterako. Obra hiperrealista baten aurrean gaude, Ruben Orozco artista mexikarrak egindakoa, herritarrak nahi ez den bakardadeaz kontzientzia helburu duena. Erakusketa honek nahi ez den bakardadearen arazo soziala ikusarazi nahi du, batez ere adinekoei eragiten baitie, eta, aldi berean, herritarrak kontzientziatu nahi ditu zaintzaren eta elkartasunaren bidez lotura komunitarioak eta sozialak indartzearen garrantziaz.
Mercedes tamaina errealeko eskultura hiperrealista da, bakardadean bizi diren milaka pertsonen errealitatea irudikatzen duena. Ildo horretan, Bakarne Egia Mungiako Udaleko Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak gogoratu duenez, «Udalak konpromisoa hartu du herritarrak arazo honen inguruan kontzientziatzeko. Gure legegintza ibilbidean jasotzen dugun bezala, hau da udalerrian adinekoen nahi gabeko bakardadearen inguruan lan egiteko egiten hasiko garen lehenengo ekimenetako bat».