Urtea hasi besterik ez da egin, baina hainbeste betekadaren ondoren, batek baino gehiagok kirola egitea erabakiko du. Ohikoekin nekatuta bazaude, Bilboko Udalak kirol jarduera berriak proposatzen ditu. Horrela, urpekaritza-tailerrak, defentsa pertsonaleko tailerrak, uretako puzgarrien saioak eta eskaladako saio monografikoak egingo dira. Izen-ematea Bilbao Kirolak-en webgunearen bidez egin beharko da.
Atxuri, Abusu, Deustu, Errekalde eta San Ignazioko udal-kiroldegietan burutuko dira. Horrela, defentsa pertsonaleko tailerrak, uretako puzgarriak eta urpekaritza-tailerrak doakoak izango dira Bilbao Kirolak-eko abonatuentzat. Guztira, defentsa pertsonaleko hiru tailer eskainiko dira, urpekaritzako 20 tailer, eskaladako hamar monografiko eta uretako puzgarrien sei saio izango ditugu.
Bestetik, uretako puzgarrien saioetarako, pertsona guztiek, helduek zein adingabeek, izena eman behar dute igerilekura sartzeko. 12 urtetik beherakoek heldu batekin joan beharko dute. Eta, zortzi urtetik beherakoek heldu batekin egon beharko dute uretan. Heldu bakoitzak, gehienez, bost adingabe eduki ahalko ditu bere ardurapean. Uretako puzgarrien jarduerak egiten diren egunetan, igerilekuak itxita egongo dira jendearentzat 15.00etatik aurrera.
«Udalean, gure kirol-programazioa zabaldu dugu, herritarrak kirola egitera eta bizitza aktikoa eta osasungarria izatera animatzeko, bai eta, minoritarioak izanik ere, besteak bezain erakargarri eta interesgarriak diren kirol jarduera batzuk babesteko ere», azpimarratu du Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroleko zinegotziak.