“Musika nire zaletasuna da, baina ezin dut bertatik bizi”

Bakarkako bidea abiatu du Eider Saez Izquierdok (Lazkao, 1998), lau urtez Nogen taldeko abeslaria izan eta gero. Eider izen artistikoa hartuta, hiru abesti aurkeztu ditu lagun arteko giroak eman dion lasaitasunak bultzatuta. Lan gehiago ere baditu esku artean, eta EP batean bilduta, martxoaren 24an kaleratuko ditu Loratzen izenburuarekin.

Nola definituko zenuke zure burua? 25 urteko musikaria naiz, abestiak egiten ditut eta ondoren kantatu. Nola hartu zenuen musikaren bidea?
Nik uste dut 6 urterekin hasi nintzela, musika eskola ere garai haietan sortuko zen. Orduan solfeo deitzen zena ikasi nuen, hau da, oinarria, akordeak eta abar. Hasieran erraza izango zen, baina DBHn nenbilenean zailtzen joan zen, eta solfeo hu­tsa ikasi genuen, erritmoa, irakurketa, metrika… Ez zitzaidan batere gustatzen, baina amaitu nuenean jabetu nintzen zerbaiterako balio izan zuela ikasitako hark. Gero instrumentua aukeratzeko garaian, zeharkako txirula hartu nuen, baina bi urteren ondoren ikusi nuen ezin nuela abestu, eta gitarra ikasten hasi nintzen. Kantura ere apuntatu nintzen, gero konboa etorri zen, eta horrekin talde bateko parte zinen. Musika eskolako etapa guztia amaitu eta gero, lagunekin talde bat osatu nuen.


Bakarka aritu baino lehen Nogen taldean egon zinen. Zerk eraman zintuen taldea uztera eta bakarlari munduan murgiltzera?
Hainbat faktorek eragin zuten nik taldea uztea. Funtsean, iri­tsi zen momentu bat non sentitzen nuen taldea ez zela nire lekua eta etapa hori isteko unea iritsi zela. Bakarkako bidea ondoren etorri zen, hausnarketa tarte baten ondoren, berriz betiko lagunekin elkartu eta musikarekiko maitasuna berreskuratu nuenean.


Zer zuen Nogenek horrelako arrakasta izateko? Eta Eiderrek?
Gauza asko ulertu daitezke arrakasta bezala. Niretzat arrakasta da egiten duzunarekin gustura egotea. Hori da abiapuntua eta hortik, benetazko leku batetik iritsi zaitezke zuk nahi duzun lekura arte.
Ikusten da zure musika estiloan eta bideoklipetan estetika asko lantzen duzula; egun, entzuleen artean oso garrantzitsuak dira bai estetika bai kontzertu ikusgarriak. Zure kontzertuak nolakoak dira?
Bai, sortzen dudan musika osotasunean lantzea gusta­tzen zait. Irudiek beti laguntzen dute abesti batekin transmititu nahi duzunari geruza gehiago gehitzen. Kontzertuak niretzat aske sentitzeko une bat dira, egunerokotasunetik pixka bat arnasteko lekua, bai niretzat eta baita publikoarentzat ere. Nire energia guztia ematen dut, eta publikoak hori jasotzen duela eta itzultzen dizula ikusteak bihotza betetzen du.

“Arrakasta, niretzat, egiten dudarekin gustura egotea da. Hortik abiatuta, nahi duzun lekuraino joan zaitezke”

Nolakoa da musikari profesional baten egunerokoa?
Ez da aparteko ezer. Nik nire lan “normala” daukat, eta musika “hobby profesional” gisa dut. Beraz, egunerokotasunean tarte bat ateratzen diot abestiak sortzeari, soinu berriak probatzeari eta esperimentatzeari… Estudiora joaten naizen egunak dira niretzat berezienak, nik etxetik daramadan ideiak bizia nola hartzen duen ikustea oso polita da.
Eider izena hartu duzu bakarka aritzeko, baina zer talde duzu atzetik?
Bai, nire izena eman diot proiektuari, ni naizen guztia islatzen dudalako abestietan. Iruditzen zait nire musika entzunez nire zati berri batzuk deskubritu dituela jendeak, aurrez agian erakutsi ez nituenak Nogenen. Talde profesional eta jatorra dut atzetik ibilbide berri honetan, Jon Sagarna da taldeko bateria, Julen Sagarna baxujolea eta Iker Gutierrez gitarjolea. Zuzenekoetan lauok aritzen gara eta oso ondo pasatzen dugu elkarrekin.


Zer abestik gogorarazten dizu zure haurtzaroa? Zergatik?
Nire haurtzarora eramaten naute Fito y Los Fitipaldisen abestiek, udako bidaietan kotxean beti entzuten genuelako disko hura. Oso oroitzapen onak dakarzkit.


Zer eskatzen diozu musikari?
Nire bizitzan orain arte egin duena egiten jarraitzeko besterik ez: emozionatzen, gauza berriak deskubrtizen eta hazten laguntzen…


Etorkizunean beste abeslari batzuekin entzuteko aukera izango dugu?
Banabil musika berrian lanean eta oraingoz ezin dut gehiegi aurreratu baina baliteke jajjajaja.


Zer da zuretzat zoriontasuna?
Lasai egotea, maite ditudan pertsonekin lagunduta.