LIBURUAK

ZERUAK ETA INFERNUAK

Liburu honen bidez, greziar eta erromatar mitologiara bidaiatuko dugu, txinatar poemak eta arabiar lurrinak, animalia misteriotsuak, landare bitxiak eta an­tzinako liburuen orrietatik berreskuratutako kondaira gogoangarriak, galdutako iraganeko ohiturak eta ahaztutako tresnak aurkituko ditugu. Baina liburuko 45 istorioen artean, bat da nagusi: gizakiak imajinatu dituen zeruak eta infernuak, paradisuak eta haien ifrentzuak, simetria-joko batean bezala asmatu ditugun utopia desiragarriak eta distopia izugarriak, guztiak ere egilearen umore sotilaren eta gizatasun sakonaren galbahetik pasatakoak; erudiziotik haratago, maitasun- eta maisutasun-arrastoa uzten duen ariketa literario batean.

HAIZE-LEKUAK

Mikelak supituki utzi beharko du atzean baserriko haurtzaroa, ama alargunak Altsasun entregatzen duen unean. Han, gerra zibilaren itzal eta ilinti bizi-bizien artean, neskame arituko da hamahiru urte apenas dituen neskatoa. Hala egin dute bere aurretik ahizpa zaharrek, hala egingo du berak ere, eta, horrela, ofizioa ikasiko du. Reparaztarren etxean ezagutuko du jende dirudunaren bizimodua, baina baita txanponaren ifren­tzua ere. Ikasiko du alferrik dela haize guztietatik babesean egoten saiatzea, noiznahi heldu daiteke-eta, auskaloko zirrikitutik, menderatu beharreko haize bolada ezezaguna. Beti erne, beti prest dagoena dela haizete bortitzen jostailu baldar izan nahi ez duenaren patua. Heziketa sentimental gogor bezain premiazkoa.