Sexua eta desgaitasuna

Desgaitasuna duten helduek, batzuetan, zailtasunak izaten dituzte beren sexualitatea garatzeko, baita gai horietan adituen laguntza jasotzeko ere. Ikerketen arabera, ezintasun intelektuala duten helduek aukera gutxiago dituzte desgaitasun fisikoa duten helduek baino, informazio sexologikoa jasotzeko.

Desgaitasuna duten pertsonen sexualitatea existitzen da eta EZ da berezia, ez behintzat beste edonorena baino gehiago. Askotan entzun dugu desgaitasuna duten pertsonek ez dutela sexuan interesik, haurrak bezalakoak direlako. Baina errealitateak ez du zerikusirik, desira eta behar afektibo-sexualak dituzten pertsonak baitira, beste edonor bezala. Beste askok uste dute ezin dutela izan bikotekiderik. Baina, askotan, ukatu egiten diegu bizitza pribatua eta maitasunezkoa izatea, haien “mugak” baino ez baititugu kontuan hartzen. Sexualitatea modu osasuntsuan adierazi eta bizi dezaten espazioak eta formak sortzeko gai izan behar dugu.
Gainera, askoren iritziz, ez dira gai harremanetako abusuak antzemateko. Baina, egia esan, guztiok behar ditugu horiek detektatzeko tresnak eta estrategiak! Beharbada, hezkuntza afektibo-sexualik eza da abusu horiek eragiten dituena, eta ez norberaren bizitzari eta desioei buruzko erabakiak hartzeko gaitasunik eza. Beraz, era berean, desgaitasuna duten pertsonek eskubidea dute beren identitatea eta orientazio sexuala aztertzeko, bai eta beren sexualitateari buruzko erabakiak hartzeko ere.

Desgaitasuna duten pertsonen premia afektibo-sexualak aitortu behar ditugu, eta kasu bakoitzari egokitutako kalitatezko hezkuntza eman.