UNAI GANDARIAS /2019-12-23/ Eusko Jaurlaritzak urriaren 16an aurkeztu zuen Itzuli itzultzaile neuronalaren azken garapena jarri du martxan: gailu mugikorretarako aplikazioa (Android eta iOS) eta itzulpenak ahotsaren bidez egiteko aukera. Gainera, itzultzailearen “oso balorazio positiboa” bere lehen bi hilabeteen inguruan, egunero 50.000 itzulpen eskaera baino gehiago bideratzen eta azken hilabetean milioi bat itzulpen egin baititu.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Xabier Arrieta Informatika eta Telekomunikazio zuzendariak aurkeztu dute itzultzaile neuronalaren aplikazioa, aurreko ostiralean, hilak 20, Donostian. App berriak erabilera erraztuko die itzultzaile neuronala telefonoaren bidez erabili nahi dutenei eta, horrez gain, itzulpenak ahotsetik abiatuta egiteko aukera eskainiko du.
Tabakaleran egin den prentsaurrekoan, Zupiriak adierazi duenez, aplikazio berriaren helburua da “bi hizkuntzak beren eguneroko bizitzan erabiltzen dituztenei tresna berritzaile eta eraginkor bat eskaintzea”. “Itzuli-ren web bertsioaren datuek erakutsi digute bi hizkuntzetan bizi diren milaka lagunentzat baliagarritasun handiko tresna dela”, gaineratu du.
Mugikorrak ordenagailua baino gehiago erabiltzen da
Hala ere, bere hitzetan, mugikorrak ordenagailua gainditu du Interneten sartzeko gailu nagusi gisa, eta hori are nabarmenagoa da belaunaldi gazteenen artean. “Horregatik, uste genuen zerbitzua app baten bidez ere eskaini behar zela. Itzultzailearen aurkezpenean adierazi genuen bezala, uste dugu positiboa izan daitekeela hainbat arlotan euskara gehiago erabil dadin, baita euskara dakitenek baina menperatzen ez dutenek edo ikasten ari direnek gehiago erabil dezaten ere”, adierazi du.
Itzuliren aplikazioa eskuragarri dago jada Android edo iOS sistema eragileak erabiltzen dituzten mugikorrentzat. Itzultzailearen web bertsioan bezala, aplikazioak euskara- gaztelania eta gaztelania-euskara testuak itzultzeko aukera ematen du. Erabilera bakoitzean gehienez 4.000 karaktereko testuak itzul daitezke, baina nahi adina erabilera egin daitezke.
Testuak, testu koadroaren bidez (tekleatuz edo aldez aurretik kopiatutako testuak itsatsiz) edo audioaren bidez sar daitezke. Bi kasuetan, itzulpenak segundo gutxitan jasotzen dira horretarako prestatutako testu koadroetan. Ahotsaren bidez sartutako testuen kasuan, hala ere, aplikazioak hobetzeko tartea handia du oraindik.
Ahotsaren bidez sartutako testuen itzulpenak
“Androiden kasuan, ahotsaren bidez sartutako testuek emaitza bikaina eskaintzen dute bi hizkuntzetan. Hala ere, iOSen kasuan, idatzizko itzulpenak ere oso onak diren arren, ahots bidezko itzulpenetan, iOS sistema eragilearen menpe gaude, euskara bere hizkuntzen artean aintzat hartzen ez duelako oraindik”, adierazi du Arrietak.
Bestalde, agerraldiak balio izan du Itzuliren lehen bi hilabeteetako erabilera datuak ezagutzeko ere. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak elkarlanean bultzatutako itzultzaile neuronalak 50.000 itzulpen baino gehiago egiten ditu egunean (astegunetan), eta azken hilabetean milioi bat testu itzuli ditu (era guztietakoak: luzeak, oso laburrak).
Arrietak azaldu duenez, Itzuliren erabilera datuak oso altuak dira bi norabideetan; hala ere, gaztelania-euskara itzulpenak ohikoagoak dira euskaratik gaztelaniara egiten direnak baino, bi aldiz gehiago gutxi gorabehera.
“Gaztelaniatik euskarara itzultzeko gehiago erabiltzen den arren, euskara-gaztelania itzulpenetan kalitatea hobea da. Oso denbora gutxi darama funtzionamenduan, baina ikusten dugu erabilera asko zabaldu dela eta hainbat arlotara iristen dela, hala nola hezkuntzara edo administrazioaren esparrura. Itzuliren erabilera egunez egun hazten ari da”, adierazi du.
Halaber, Arrietak azaldu duenez, erabilera ez da euskararen lurralde naturalera mugatzen, Estatu osoan erabilera zabala dagoela ikusi baita, eta Argentinatik eta Bulgariatik ere bisitak izan dira. Guztira, 9.000 erabiltzailek erabiltzen dute Itzuli egunean; hilean, 50.000 eta 100.000 erabiltzaile bitartean jasotzen ditu.