Genero-arrakala mundu osoan dagoen errealitatea da, eta, kasu askotan, ondorio latzak ditu. Hori dela eta, Garapen Iraunkorraren bosgarren helburuan arreta jartzeko garrantziari erreparatu behar diogu.
Genero-berdintasuna, oinarrizko giza eskubidea izateaz gain, fun-tsezko oinarrietako bat da mundu baketsu, oparo eta iraunkorra eraikitzeko. Aurrerapen batzuk lortu dira azken hamarkadetan: neska gehiago eskolatuta daude, eta neska gutxiago behartzen dira ezkontza goiztiarrera; emakume gehiagok dituzte karguak parlamentuetan eta lidergo-posizioetan, eta legeak erreformatzen ari dira genero-berdintasuna sustatzeko. Lorpen horiek gorabehera, oraindik ere zailtasun handiak daude: legeak eta arau sozial diskriminatzaileak orokortuak dira, lidergo politikoko maila guztietan emakumeek ordezkaritza txikia dute oraindik, eta 15 eta 49 urte bitarteko 5 emakumetik 1ek dio indarkeria sexuala edo fisikoa pairatu duela bikotekide intimoaren eskutik 12 hilabeteko epean.
Garapen Iraunkorraren bosgarren helburuak generoen arteko berdintasuna lortzea eta emakume eta neska guztiak ahalduntzea lortu nahi du. Baina helmugara iristeko zazpi urte besterik falta ez direnean, zenbait analisik adierazten dute 5. helburuko adierazleen % 15,4 baino ez daudela «bide onetik», % 61,5 distantzia ertainera dagoela eta % 23,1 urrun edo oso urrun dagoela 2030erako helburuetatik. Hemendik 2030era bitartean genero-berdintasuna lortzeko, premiazko neurriak hartu behar dira emakumeen eskubideak murrizten jarraitzen duen diskriminazioaren arrazoi sakonak ezabatzeko, eremu publikoan zein pribatuan.
Ikerketak egiteko laguntzak
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ikerlanak egiteko hiru bekaren deialdia onartu du Emakundek 2024rako. 70.000 euro bideratuko ditu Emakundek azterlanak egitea sustatzea eta herritarrak horiei buruz sentsibilizatzea helburu duten dirulaguntzetara.
Ikerketa-lanen garapena eta hedapena funtsezkoak dira eztabaida publikorako eta erabaki politikoak hartzeko, batez ere genero-ikuspegia politika guztietan txertatzeari dagokionez. Gainera, beken modalitateak prestakuntza eta ikerketa garatzeko aukera ematen du, eta onuradunen ibilbide profesionala sustatzen du. Deialdian hiru beka-mota daude, eta horietako bakoitza ikerketa-lan bati dagokio. Beketako biren helburua da etorkizuneko bekadunen prestakuntza orientatzea eta bultzatzea, genero-harremanen testuinguruan sortzen ari diren esparruetara, eta gure gizartean balio-aldaketa bultzatzen laguntzea. Hirugarren laguntzak diskriminazio multipleko arriskuan edo egoeran dauden emakumeen kolektiboen azterketan aurrera egiteko beharrari erantzuten dio.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea guztion esku dago. Argi dago erakunde publikoek gizonei zein emakumeei aukera eta eskubide berberak eskaintzen dizkieten politikak sustatu behar dituztela, baina gizabanako bakoitzak badauka zer egiterik, adibidez, genero-binarismoa baztertzea, hizkuntzak oso zeregin garrantzitsua baitu genero-estereotipoak haustean; sexismo- eta jazarpen-kasuak salatzea, lanean berdintasun-kultura eskatzea edo edertasun-estandarrei aurre egitea.