2024rako munduko herrialde arriskutsuenak: gero eta gehiago

Urtero, munduko herrialdeen arriskugarritasuna aldatu egiten da. Azken urte hau bereziki izan da arriskutsua, Israel eta Palestinakoa bezalako gatazkagatik edo Errusia
eta Ukrainakoa bezalako gerren jarraipenagatik. Beste herrialde batzuetan, delinkuentzia orokortua da nagusi. Horregatik, bidaiatzerakoan, ondo informatuta egon behar dugu, babesgabe eta arriskuan sentituko ez garen tokia aukeratzeko. Horretarako, International SOSen informazioa eskura dezakegu, edo, Espainiaren Estatuko kasuan,
Kanpo Arazoetako Ministerioarena.

Lehenik eta behin, arriskugarritasun maila nola neurtzen den jakin behar dugu. International SOS-etik hala azaltzen dute: “Segurtasun-arriskuaren kalifikazioak indarkeria politikoak (terrorismoa, matxinadak, istiluak eta arrazoi politikoengatiko gerra barne), ondoeza sozialak (indarkeria sektarioa, komunala eta etnikoa barne) eta delitu txiki eta bortitzak denontzat dakarren mehatxua ebaluatzen du. Beste faktore batzuk ere kontuan har­tzen dira, hala nola garraio-azpiegituraren sendotasuna, lan-harremanen egoera, segurtasun- eta larrialdi-zerbitzuen eraginkortasuna eta herrialdeak hondamendi naturalekiko duen sentikortasuna, biztanleentzako arrisku orokorreko inguruneari eragiteko bezain handiak direnean.”
Hori kontuan hartuta, eta, jakin badakigunez, Hamasek urriaren 7an Gazako Zerrendatik Israelen aurka egindako eraso terroristaz geroztik, egoerak okerrera egin du etengabe, eta Espainiako Estatuko Atzerri, Europar Batasun eta Lankidetza Ministerioak Israeli buruzko abisua eguneratu du. Erakundearen webgunea irakurrita ez dago zalantzarik: “Dauden arriskuen eta hegaldiak bertan behera uzteko aukeraren aurrean, ez da gomendatzen Israelera bidaiatzea”.
Izan ere, Ministerioaren ohartarazpenak une honetan herrialdean dauden Espainiako Estatuko herritarrei arreta handiz eta segurtasunez jokatzea gomendatzen die, herrialdean zehar inolako desplazamendurik egitea saihesteko, bai eta beren eremuari zehazturiko babeslekuak non dauden jakitea ere. Ekialde ertaineko egoera hain korapilatsua da, non Egipto edo Jordania bezalako leku turistikoak munduko herrialde arriskutsuenen zerrendan egotea eragin dezakeen.
Herrialde arriskutsuak
Kanpo Ministerioaren arabera, inola ere ez bidaiatzea gomendatzen diren herrialdeak, edo, han bazaude, zure bidaia bertan behera uzteko gomendatzen diren herrialdeen zerrenda hauxe da:
• Afganistan: bahiketa eta atentatu arriskua.
• Bielorrusia: Ukrainaren eta Bielorrusiaren arteko tentsio militarrak handitzen ari dira.
• Burkina Faso: atentatu- eta bahiketa-arriskua. Larrialdi-egoeren adierazpenak eta etxeratze-aginduak ohikoak dira.
• Afrika Erdiko Errepublika: herrialdeko segurtasun-egoerak okerrera egin duenez, etxeratze-agindua ezarri da lurralde osoan, 00:00etatik 05:00etara.
• Myanmar: gatazka armatuak hainbat eremutan eta leherketak maiz hirietan.
• Haiti: segurtasunaren narriadura progresiboa 2021az geroztik, eta oinarrizko produktuen eta erregaien hornidurarik eza. Kriminalitate handia eta bahiketa-arriskua.
• Iran: polizia moralaren aurkako protestek, emakumeen atxiloketengatik, tentsioa eta indarkeria eragin dute.
• Libia: zelula jihadistak, legez kanpoko trafikoa eta segurtasun gutxi.
•Ipar Korea: herrialdeak jasaten duen diktadura eta hermetismo luzeak bidaiariarentzako toki arriskutsu eta ezegonkor bihurtzen du.
Herrialdeen zerrenda horretaz gain, beste batzuk ere sartzen dira, hala nola Mali, Somalia, Errusia eta Latinoamerikako hainbat herrialde, Venezuela, esaterako.