Euskaraldiaren hiru edizio egin dira jada, eta laugarrenaren prestaketa lanak abian dira. Etortzear dagoen edizioaren inguruko xehetasunak emateko bildu ziren abenduan, Donostiako Tabakaleran, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea.
Ediziotik ediziora ariketaren alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitu izan dituzte antola-tzaileek, urtetik urtera ariketa egitea eraginkorragoa izateko. Hain zuen ere, hausnarketa horietatik etorri da, oraingoan, Euskaraldia egiteko garai aldaketa. Laugarren edizioa 2025eko maia-tzaren 15etik 25era izango da. Euskaraldiaren hirugarren edizioa burutu ondoren, balorazioak, ebaluazioak eta aurrera begirako erabakiak hartzeko denbora-tarte bat hartu zuten antolatzaileek.
Euskaraldia udaberrian
Garai aldaketak txaparen erabileran eta ikusgarritasunean eragitea lortu nahi dute antolatzaileek. Txapak ahalbidetzen du ariketa bera, euskaraz hitz egiteko edo entzuteko jarrera erakusten baitu, eta horrek nabarmen murrizten du estres linguistikoa, ariketa modu erosoagoan egiteko. Gainera, 2025ean eginda, Korrikarekin urtez urte txandakatzen joango da ariketa. Bi ekintza erraldoi horiei esker, euskara Euskal Herri osoko kaleetara zabaltzea lortu baita. Euskaraldiaren hurrengo edizioa ontzeko bidean, ikerketako datuak eta jarraibideak kontuan hartu badira ere, gizarteko hainbat eragile eta norbanakoren ekarpenak ere jaso ditu Euskaraldiko lantaldeak.