Bere eskuetan liburu bat erori zen momentuan, mundua ikusteko modu berria ezagutu zuen. Xabi García, Santurtzin jaioa, Lehen Hezkuntzan lizentziaduna, irakaslea eta idazlea da. Filosofiari, hizkuntzei eta humanismoari buruz egiten dituen bideoek milaka jarraitzaile erakarri izan dituzte.
Irakaslea izanda, nola hasi zinen hezkuntzaren munduan? Zein izan da zure ibilbidea?
Txikitatik irakurtzea gustuko izan dut, eta irakurritakoa besteei kontatzea. Eskolak ematea antzekoa da. Gainera, liburuetan murgiltzea eta hitzek gordetzen duten esanahia bilatzea prozesu atsegina iruditzen zait. Ikasle nintzenetik, eskolan ez nuen ikasten nahi nuena, eta hezkuntza-sistema hobetzeko grina sortu zitzaidan. Horregatik, hezkuntzaren munduan sartu nintzen; sistema aldatu ahal izateko edo, behintzat, saiatzeko. Uste dut, sisteman hobekuntzak eginez gero, ikasle zein irakasleak efizienteagoak izango ginatekeela.
Dagoen sistema hobetzeko, irakasle baten ikuspuntutik, zein aldaketa egingo zenituzke?
Hezkuntzari buruz ari garenean, oso arlo zabala dela ulertu behar dugu. Hainbat alderdi hartu behar ditugu kontuan, eta, hainbeste burokraziarekin, batzuetan ahaztu egiten zaigu eskolaren eta hezkuntzaren helburua: ikaste-prozesuaz gozatzea eta pertsonak bizitzarako prestatzea. Egunerokotasunean oso erabilgarriak diren alderdiak irakatsiko beharko genituzke eskoletan: norbanako finantzen kudeaketa, autoezagutza, lehen sorospenak, osasuna edo harremanen trataera, besteak beste. Analisi sintaktikoa egitea garrantzitsua da, bihotzeko baten aurrean nola erreakzionatu jakitea beste.
Iraganean, Camino de luz y sombra idatzi zenuen. Zure lehenengo liburua. Zuretzat, “idazteak” zer esan nahi du?
Idaztea zeure buruarekin elkarrizketa bat izatea bezalakoa da. Zure desioak, ametsak, ezagutzak, iritziak… Hori guztia atera behar duzu idazterakoan. Egia esanda, edonork bere burua ezagutu nahi badu, idaztea oso lagungarria egin ahal zaio. Paperaren edo ordenagailuaren aurrean zaudenean, zure bertsio sakonena eta intimoena ateratzen duzu. Horixe da autoezagutza! Idaztea ez da soilik katedradunentzat edo kazetarientzat, guztiontzat baizik. Terapeutikoa izan daiteke. Nik liburu bat idatzi badut, edonork egin dezake.
Sarean ikusi zaitugu, eta oso argi uzten duzu zure kanalaren oinarriak filosofia, hizkuntza eta humanismoa direla. Zer dela eta?
Errealitatea ulertzeko ingurua behatu behar dugu, eta galderak planteatu. Horixe da filosofia. Bestalde, gure hizkuntzaren mugak gure errealitatearen mugak ere badira, Wittgensteinek zioenez. Zenbat eta hitz gehiago ezagutu, orduan eta aberatsagoa izango da gure errealitatea. Azkenik, humanismoa dugu. Gaurko mundu konplexua ulertzeko hainbat arlori buruz oinarrizko ezagutzak izatea eta arlo jakin batean adituak izatea garrantzitsua da. Horregatik, askotariko gaiei buruz irakurtzea eta ikastea gustatzen zait. Liburu bat mundua ikusteko leihoa da. Hainbat arlotan murgiltzeak eta autore desberdinak irakurtzeak adimena zabaltzen dizu.
“Denetarik irakurtzen dut; galaxien eraketak azaltzen dituzten liburuak zein Txinako Boom ekonomikoa azaltzen dutenak”
Zure bideoetan gai askori buruz hitz egiten duzu; horien artean, euskara. Zure jarraitzaileek zer irizten diete euskarazko bideoei? Euren euskararekiko jarrera negatiboa edo positiboa da?
Harrigarria izan arren, Euskal Herritik kanpo bizi diren pertsona askok euskararekiko duten jarrera oso positiboa da. Sarean hainbat gai azaltzen ditut: hitzen jatorria (etimologia), hizkuntza-aniztasuna, hausnarketa filosofikoak… Baina publikoari gehien gustatzen zaizkion bideoak euskarari buruzkoak dira. Esaterako, euskal mitologiari buruz igotako bideo batean, Valentzian, Galizian, Italian eta Argentinan bizi diren pertsonek komentatu zuten zein polita den gure hizkuntza eta gustatuko litzaiekeela ikastea. Badago jarraitzaile txinatar bat! Euskarak harrera ona izaten du euskal lurraldetik kanpo. Sareei esker, muga geografikoak murriztu egin dira, eta saiatzen naiz euskararen eta euskal kulturaren oinarrizko elementuak partekatzen. Jendeak bideoak eskatzen ditu, eta nik pozik egiten ditut.
Zenbait liburu irakurtzen dituzu urtean zehar? Ikusten dugunez, irakurzalea zara. Elkarrizketa batean esan zenuen, urtero, liburu-errekor bat jartzen diozula zeure buruari. Zertan datza? Eta, irakurritakoen artean, zeintzuk gomendatuko zenituzke?
Urtea amaitzen denean, abenduan, hurrengo urtean irakurriko ditudan liburuak hautatzen ditut. Erronka aurreko urtean baino liburu gehiago irakurtzea da. Iaz, 34 liburu irakurri nituen urte osoan zehar. Aurten, 36 izan dira. Denetarik irakurtzen dut; galaxien eraketak azaltzen dituzten liburuak zein Txinako Boom ekonomikoa azaltzen dutenak. Irakurritakoen artean, hiru gomendatuko nituzke: lehenengoa klasikoa da: 1984, George Orwellena. Boterea, gizartea eta kontrola oinarritzat hartuta, pertsonak noraino izan ahal dira manipulatuak? Bigarrena, El placebo eres tú, Joe Dispenza doktorearena. Azaltzen du adimenak zer-nolako inpaktua duen osasunean, eta nola sendaezin diruditen gaixotasunak adimena erabiliz sendatzeko prozesua sortu daitekeen. Hirugarrena nire liburua da, Camino de luz y sombra… Ez, txantxa da. Azkenik, Kirmen Uriberen Bilbao – New York – Bilbao. Hiru belaunaldiren istorioa kontatzen du, denbora protagonistatzat hartuta; liburu ederra.
Zer espero duzu etorkizunaz?
Oso argi daukat. Bideaz gozatzea. Ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean; politikan, hezkuntzan, ekonomian… Baina emango ditudan urratsak bihotzez ematen ahaleginduko naiz. Dakiguna da ez dakigula zer gertatuko den; begira diezaiogun etorkizunari itxaropenez!