‘Memoria Eraikiz’ proiektuaren 12 atalak, Primeran plataforman

Etorkizuna behar bezala eraikitzeko, iraganean zer gertatu zen jakitea ezinbestekoa da. Helburu horrekin abiarazi zuten duela bi denboraldi ‘Memoria Eraikiz’ proiektua, eta orain Gogora Institutuaren eta EITBren arteko aliantzaren esparruan eragindako egitasmoak leiho berri bat ireki du Primeran doako plataforman. «Ikus-entzunezko proiektu hau giza askatasun, berdintasun eta duintasunaren balioak sustatzera bideratuta dago», adierazi dute proiektuaren arduradunek. Hala, «oso positibotzat» jo dute ETBko kanaletan, eitb.eus webgunean eta EITBPodkast atarian zabaltzeaz gain, ikus-entzunezko eduki guztiak eskuragarri egotea euskal edukiak pertsona guztien zerbitzura doan jartzen dituen streaming plataforman.

Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariaren arabera, «oraina eta etorkizuna eraikitzeko beharrezkoa da iragana ezagutzea eta gogoeta kritikoa sustatzea, are gehiago, gure kasuan gertatzen den bezala, sufrimendua eragin duten gertakari traumatikoez ari bagara». Ildo horretan, gaineratu du Memoria Eraikiz proiektuko ikus-entzunezko materialek aukera ematen dutela ezagutza zehatzagoa izateko bai Gerra Zibilaz eta Frankismoaz, eta baita gure iragan hurbileko terrorismoez eta indarkeriez ere.

Halaber, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak bi erakundeen arteko proiektu transbertsal honekin egindako lana goraipatu du. Horrekin batera, printzipioak, balioak eta pertsona guztiekiko errespetua defendatzeko ikuspegitik, euskal memoria historikoaren hainbat gertakari lantzeko eta 12 atalak euskal gizarte osoaren zerbitzura jartzeko egindako lana nabarmendu du.

‘Bi gerraren testigantza’, ‘Gal. 1983’…

Estreinatu berri den, ‘Memoria Eraikiz’en hirugarren denboraldiak hainbat gai jorratzen ditu. Lehen atalak, Bernardo Rodríguez Rincónen historia eta egia berreskuratzeko ahaleginak dakartza, Urduñatik Castuerara. ‘Egia hobitik atera beharra’ izenburupean. Bigarren atalak, ‘Desagertuak inorezen lurpean’, 1973an desagertu ziren Humberto, Fernando eta Jorge Coruñako gazteen arrasto galdua ekarriko du gogora. Hirugarrengoan, ‘Ordena Publikoko Auzitegia: Errepresiorako legea’, frankismoak sortuta 1963tik 1977ra funtzionatu zuen Ordena Publikoko Auzitegiaren (TOP) helburu eta jokatzeko modua azalduko dituzte. Azkenik, denboraldi honetako laugarren atalak, ‘Memoria duen etorkizuna’, Eusko Jaurlaritzak etorkizuneko belaunaldiei helarazi beharreko kontakizunaren inguruan sortutako programa pedagogikoan jarriko du fokoa.

Dokumental sortaren hirugarren denboraldiaz gain, aurreko bi denboraldietako atalak, guztira zortzi, ikusgai daude Primeranen. Honakoak dira eskuragai dauden atalak: ‘Bi gerraren testigantza’; ‘Nik jakin nahi dut’; ‘Gal. 1983’; ‘Isiltasunetik askatasunera’; ‘Ahots beldurraraziak’; ‘Euskal rock erradikala’; ‘Ahanzturatik ateratzen’ eta ‘Eraildako emakumeak. Oroimen absentea’.