“Sukaldarien Liga”, Euskal Herrian egin den lehiaketa gastronomiko handiena, urtarrilaren 9tik aurrera

Euskal Herrian inoiz egin den sukaldaritza talent handiena estreinatuko da datorren urtarrilaren 9an ETB1en eta eitb.eus-en: “Sukaldarien LigaAinhoa Etxebarria aurkezlearen gidaritzapean, 50 sukaldari profesional zein amateur lehiatuko dira hamar astez Euskal Herriko sukaldari onenaren titulua eskuratzeko.

Talent show gastronomikoak prestigiodun epaimahaia izango du lehiakideek prestatutako platerak baloratzeko: Javi Rivero, 2023ko sukaldari berririk onena eta Tolosako Ama jatetxearen jabea eta sukaldaria; Maider Larrañaga, Arrasateko Arteaga jatetxearen jabea eta sommelierra; eta Aitzol Zugasti, Basque Culinary Centerreko formatzailea eta AZko aholkulari gastronomikoa.

Harro egoteko modukoa da sukaldaritzak Euskal Herriari eman diona eta euskal gastronomiak munduan utzi duen arrastoa. Izan ere, gure mugak gainditu eta ezagutzera eman gaitu mundu zabalean. Euskal sukaldaritzari ekarpena egite aldera eta munduan isla izaten segi dezan, “Sukaldarien Liga” saioak talentu onenak bildu ditu, Euskal Herrian egindako lehiaketa gastronomiko handienean.

Sukaldaritzan, bikaintasuna esfortzuarekin eta grinarekin lortzen da. Hamar asteko norgehiagokan, momentu hunkigarriak, tentsio uneak eta sorpresa mordoa izango dira nagusi. Baina bakarrak lortuko du garaipen tronuan esertzea, eta 25.000 euroko saria final handian gailentzen den sukaldariarentzat izango da.