Urtarrilaren 12an hasiko da Beasaingo eta Ordiziako antzerki garaia

Beasaingo eta Ordiziako Udalek  XXX. Antzerki Garaia antolatu dute, antzerkia, eta bereziki euskaraz egindakoa, bultzatzeko asmoz. Horretaz gain, antzerki emanaldietara joateko ohitura sustatu nahi dute eta publiko berria erakarri, gazteak batik bat. 

Aurtengo edizioa zortzi antzezlanek osatzen dute, horietatik bost euskaraz, bi gaztelaniaz eta bat elebitan. Antzerki taldeak eta obrak aukeratzeko garaian kalitatea, muntaia, hizkuntza, konpainiaren eskarmentua eta obren arrakasta izan dituztela kontuan adierazi dute antolatzaileek. 

Hilero bina emanaldi izango dira, Ordiziako Herri Antzokian bata, eta Beasaingo Usurbe Antzokian bestea. Emanaldi guztiak 20:30ean hasiko dira.

Egitarauko antzezlanak
Urtarrilaren 12an izango da lehena, Pako Rebueltasek zuzendutako Obsoletus antzezlana, Ordizian. Hilaren 19an, berriz, Begoña Bilbaok zuzendutako Baginaren bakarrizketak taularatuko dute Ainhoa Etxebarria, Itziar Urretabizkaia eta Intza Alkainek, Beasainen.

Otsailaren 9an, Zuhaitz Gurrutxaga eta Iker Galartza izango dira Ordiziako Herri Antzokiko oholtzan, Almazenean izeneko lanarekin. Beasaingo Usurbe Antzokian, berriz, Buho antzezlana izango da, gaztelaniaz.

Martxoaren lehenean, Getari Etxegarai zuzendari eta Kepa Errasti eta Nerea Ariznabarreta antzezle dituen Posdatarik gabeko gutunak obra erakutsiko dute Ordizian. Beasainen, berriz, Fernando Bernuesek zuzendutako Esnearen kolorekoa lana izango da, martxoaren 15ean. Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares, eta Jose Ramon Soroiz dira aktoreak.

Apirilaren 5ean, Telmo Irureta eta Miren Arrieta igoko dira Ordiziako oholtzara, Sexpiertos antzezlana eskaintzera, gaztelaniaz. Azkenik, apirilaren 12an, elebitan den La sed del minotauro erakutsiko dute, Beasainen.

Sarrerak eta abonuak
Emanaldi  bakoitzaren sarrera 12 euroan salduko da eta denboraldi osorako abonuaren salneurria, berriz, 72 eurokoa izango da. Abonua urtarrilaren 9ra arteko epean erosi beharko da. Egitarauko emanaldi guztietara sartzeko aukera izango da abonuarekin eta udalerri bakoitzeko antzokian esleitutako eserlekua mantenduko da antzezlan guztietarako. Gainera, edozein aldaketari buruzko informazioa jasoko dute, eta baita beste obra batzuen programazioari buruzkoa ere.

Hamar sarrera baino gehiago eskuratu nahi dituzten kultura talde, ikastetxe eta gisakoek prezio berezia izango dute, hamar euro, eta dagokion udaleko kultura sailean eskuratu beharko dituzte.

Egitarauaren inguruko xehetasunak hemen kontsulta daitezke.