Urteko asmo onen zerrenda egiteak zerbaiterako balio al du?

Zerrendak egiten dituzunetako bazara, ziurrenik pozez ohartuko zara aurreko urtean apuntatu zenituen batzuk bete dituzula. Gure desirak proiektatu edo manifestatzen ditugunean idatziz jartzea ez da ideia txarra zer lortu dugun eta zer ez baloratzeko. Alabaina, Forbes aldizkariaren arabera, pertsonen %80ak ez du zerrenda hori betetzen, bi hilabeteren ostean alboratuz.

Zerrenda honek funtzionatu dezan, aldizkariak hainbat ariketa interesgarri proposatzen ditu. Hasteko, funtsezkoa da zerrenda sinplea izatea eta gure espektatibak murriztea.

Jomuga txikiek gogobeteta sentiaraziko gaituzte. Zerrenda zaharra begiratu eta ezer ez duzula bete ohartzen bazara, galdetu zure buruari zergatik. Helburu urrunegiak apuntatzea ez da egokiena, eta hauek ez betetzeak epe luzera frustrazioa sor lezake. Adibidez, lana bilatzen bazabiltza “motibatzen nauen lan bat bilatu” jarri beharrean, desira berdina azpi-desioetan banatu: ingelesa ikasteko ikastaro batera apuntatu edo curriculuma hobetu.

Argi dago, batzuetan pausoak saltatu eta azkarrago joateko nahi izaten dugula. Berdina gertatzen da gimnasioarekin edo ahalegin handia exijitzen duten zaletasunekin (adibidez, gitarra jo edo argazkilaritza). Urte erdira iritsi eta apuntatutako hori ez dela bete ohartzen bazara ez zigortu zure burua, guztia ez dago gure kontrolpean eta batzuetan bizitzak berak zapuzten ditu gure planak.

Aurretik funtzionatu duen edo ez duen hori aztertu gabe guztia ezabatu eta zerrenda berri bat egitea ideia txarra da. Bestalde, sariek oso ongi funtzionatzen dute gure helburuak betetzeko egitasmoan. Horregatik, zerbait oso zaila zela uste zenuena lortu baduzu zure burua saritu zenezake motibazioa mantentzeko. Beraz, artikuluko galderari erantzunez, bai, ideia ona da urteko asmo onen zerrenda bat egitea, baina beti ere errealista eta erabilgarria bada.