Euskara hainbat arlotan sustatzeko laguntza berriak onartu ditu Aldundiak

Bizkaiko Foru Aldundiak udalei, udal erakunde autonomoei eta mankomunitateei zuzendutako diru laguntzak onartu zituen duela egun batzuk eta, orotara, 800.000 euro bideratuko ditu xede horretara.

Hala ere, euskararen aldeko laguntzak ezin dira horretara mugatu eta ostegun honetan Aldundiak onartu egin ditu merkataritza sozietateei, kooperatibei, banakako enpresaburuei, profesionalei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzendutako euskara sustatzeko diru laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia, 1.470.000 euroko aurrekontuarekin.

Foru erakundearen arabera, laguntza hauen helburuak dira hizkuntzaren erabilera sustatzea, euskarazko aldizkako argitalpenen edizioa eta ingurune digitalean euskararen presentzia bultzatuko duten produktuak garatzea.

Informatu dutenez, 200.000 euroko aurrekontua erabiliko da euskararen erabilera era aktiboan sustatzen duten proiektuei laguntzeko. Eta eskabideak aurkezteko epea urtarrilaren 15etik martxoaren 15era bitarte izango da.

Era berean, Bizkaiko Aldundiak 1.070.000 euro bideratuko ditu toki, eskualde eta lurralde mailako euskarazko argitalpenak sortzeko. Kasu honetan, eskabideak aurkezteko epea urtarrilaren 15etik otsailaren 12ra bitartekoa izango da.

Gainera, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak aprobetxatzeko, 200.000 euro esleituko dira ingurune digitalean euskararen presentzia sustatzen duten proiektuetarako. Eta eskabideak aurkezteko epea urtarrilaren 15etik otsailaren 12ra bitartekoa izango da.

Interesdunek jakin behar dute diru laguntza hauetarako guztietarako eskabideak epe horien barruan egin ahal izango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan.