Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia urtarrilaren 24, 25 eta 26an izango da Aretxabaletako Arkupe aretoan. Bertan parte hartzeko Film laburrak aurkezteko epea azaroaren amaiera aldera itxi zen, eta guztira 81 ikus-entzunezko jaso dira. Horietatik 30 izan dira Sail Ofizialera, Ikasle Sailera eta Bideoklip Sailera igaro direnak, hamarna atal bakoitzean.
Iban del Campo jaialdiaren zuzendariak esan duenez, “Luxu bat izan da Euskal Herri osoko txoko guztietatik jasotako filmak eta bideoklipak ikusi eta hautaketa batzordea osatzen duten ikus-entzunezko ikasleekin eztabaidatzea. Eskarmentu handiko egileen lanak eta hasiberrienak ikusteko aukera izan dugu. Emanaldiak egiteko orduan denbora mugatua dugunez, interes handiko lanak ezin izan ditugu aukeratu finalista eta horrek badu frustrazio puntu bat. Baina oso pozik gaude jaialdian erakutsiko dugun sormen eztanda honekin”.
Sail Ofizialean izan den maila “oso altua” izan dela nabarmendu dute. Gehienbat fikziozko filmak jaso dituzte, baina finalisten artean badaude dokumental eta animaziozko lanak ere, tartean Goya sarietarako izendapena jaso duen Txotxongiloa animaziozko film laburra.
Ikasle Sailaren bigarren edizioa ere “lehenengoa bezain arrakastatsua” izan dela azpimarratu dute. Atal hau jaialdiaren lehen hamabost edizioetan Mondragon Unibertsitateko ikasleei zuzendua izan zen, baina azken bi urteetan beste euskal ikasleen lanak onartu dira eta MUko ikasleen film laburrez gain, Larrotxene (Donostia), Mendizabala (Gasteiz), ECPV (Bilbo), Elias Querejeta zine eskola (Donostia), Centa Eskola, (Donostia) eta EHUko film laburrak jaso dituzte
Hauek dira finalistak Sail ofizialean: Amaia San Sebastianen Normas de higiene; Sonia Estévezen Txotxongiloa, Tamara Lucariniren Prioridades; Julen Zubieteren Agur artzai; Eneko Sagardoyren Betiko Gaua; Nerea Torrijosen Influencer; Itziar Leemans-en Ximinoa; Raul Barrerasen Arnasa; Nyta Lopezem Deadly draw; eta Lle Godoyren Encajada.
Ikasleen Sailean, honako hauek dira hamar hautatuak: Oier Markotegiren Bakarrik; Nerea Monzonen Idiazabal; Unax Alcubillaren Kosmopolita; Natalia Berridi, Yurena Carrero eta Marina Perosanzen Lehen saiakera; Sara Díez, Itsasne Díaz eta Javier Elizalderen Hariak; Amets Anduezaren 1500; Ane Cuestaren Zirrara; Irati Alvarez, Itziar Juaristi eta Lorea Elorriagaren Beste aldea – Gizona ez dena – ; Mikele Landaren Noizko basoa?; Irene Royoren Matamoscas; eta Itoiz Urkiolaren Ahantzi.
Azkenik, bideoklipen finalistak ondo hauek dira: Bele – Zerua Irabazi (Nitya Lopez ); Apotheke –Siempre sabes cuando volver (Beñat Goia); Postal Kolekzionistak ft. Pablo Zurutuza – Plastikozko hiria (Iñigo Asensio, Iñaki Gereñu eta Imanol G. Gurrutxaga); Thawra (Zuriñe López de Sabando); Rebel Noise – Nor naiz ni? (Oihan Loiti); Txopet – Nire hitzen gezurretatik (Nahia Novo); Eider – Ez espero ezer nigandik (Andoni Clavo); Munlet – Astindu (Ina Iriondo Saint-Gerons); Meliora – Galdutako hura (Unai Lizarza); eta Erromintxelak – Esperoan (Nyta Lopez).