Musika bulegoa sarietarako proposamenak bidaltzeko epea zabaldu dute

Musika Bulegoa Sariak hainbat helburu ditu: euskal musikaren sektoreari balioa ematea, artisten sorkuntza sustatzea eta haien lana ezagutzera ematea. Azken finean, egindako lanari balioa eman eta egindako ekarpena aitortzea eta nabarmertzea da asmoa.

Epaimahaiak proposamenak aztertu eta hamaika sarietatik zortzi aukeratuko ditu. Bestetik, ohiko moduan, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza-batzordeak sari berezi bat emango dio Euskal Herriko musika-jarduerarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, prestakuntza, sentsibilizazio edo zabalkundearen arloetan proiektu aipagarri bat garatzeagatik.  Etxepare Euskal Institutuak ere emango du saria, artista edo prestakuntza batek euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egindako lana aitortzeko. 

Berrikuntzak ere izango dira edizio honetan, Publikoaren Saria izango baita. Epaimahaiak egingo duen lehenengo hautaketatik aurrera, bozketa irekiko da, publikoak bere artista gogokoena aukera dezan, elkartearen webgunearen eta sare sozialen bidez. 

Sariak banatzeko ekitaldia 2024ko maiatzaren 15ean izango da, Iruñeko Zentral aretoan. 

Hautagaitzak otsailaren 2ra arte
Euskal Herriko musika sektorean lan egiten duen edonork aurkez dezake Musika Bulegoa Sariak 2024rako hautagaitza.  Horretarako, web orri honetan izena eman beharko da otsailaren 2ra bitarte.

Euskaraz egindako lanek edo sorkuntzek balio erantsia izango dute, nahiz eta sorkuntza instrumentalak edo beste hizkuntza batzuetan egindakoak ere aurkez daitezkeen edozein euskal musikarik sortu edo interpretatzen baditu. Bidalitako lanak 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitarte jendaurrean aurkeztutakoak izango dira.

Iturria: Gaztezulo