Zinez taldeak rocka proposatzen du nagusiki musika estilo gisa, nahiz eta joera eta talde oso ezberdinen eragina nabarmena den haien abestietan. 2021ean Iruñerrian sortu zen, eta urtebete geroago lehen diskoa argitaratu zuten, Buruhausteak, eta aurten, 2023an, Izan ala ez izan izeneko beste EP bat argitaratu berri dute. Azken lan honetan gizarte-kritikari zein barne-pentsamenduari heltzen diote, eta harrera ezin hobea jasotzen ari dira.
Nor da ZINEZ? Nola sortu zen?
Zinez 2021. urtean Iruñerrian sortu zen taldea da. Alaitz institutuko batxiler eszenikoa egiten ezagutu ginen elkar, musika talde bat sortu nahi genuen, hortaz gure artean hitz egin genuen eta hemen gaude iluzioz eta poz pozik sortu genuen taldearekin. Egia esan ez genuen honelako harrera espero.
Zergatik da desberdina ZINEZ taldea? Zer du besteek ez dutena?
Oso galdera zaila da. Gure ustez asko daukagu besteetaz. Baina izan daitekeena da, taldekide bakoitza gustu eta erreferente oso ezberdinak ditugula eta hori gure musikan ikusten da. Egun, oso zaila da inoiz entzun ez den zerbait berri bat sortzea, azkenean uneoro entzuten ari gara musika eta melodiak. Baina, gure helburua ez da hori, guk ondo pasatu nahi dugu eta entzuleek gure musikaz disfrutatzea baino ez dugu nahi.
Oso denbora gutxi pasa da taldea sortu zenetik eta dagoeneko hainbat elkarrizketa egin dituzue. Nola moldatzen zarete mundu honetan?
Gutxika gutxika bagoaz, gehien kostatzen zaiguna planteatu ez ditugun gauzak erantzutea da. Izan ere, beldur dugu gauzak ondo erantzutea edo gure azalpenak ondo ez ulertzea. Baina, ziur denborarekin erosoago sentituko garela.
Nola sortu zen disko bat ateratzeko idea?
Egia esan, taldea sortu genuenean gure helburuetako bat diska bat ateratzea zen, izan ere, taldekide guztiak txikitatik musikaren izan dugu harremana, eta txikitako ametsa diska bat ateratzea zen. Baina, kaleratutako diskaren hasierak Covid garaian izan ziren. Mundu honetan hasi berriak ginen, Euskal Herrian oso kontzertu gutxi egiten ziren eta ez zituzten talde txikiak deitzen eta gutxiago bertsio talde bat. Junek hiru abesti zituen jada eta Aimarrek beste bat horrekin hasi ginen, nor ginen erakusteko eta kontzerturen bat gehiago egiteko.
“Gure bigarren diskoa zainduagoa eta ederragoa izatea espero dugu. Arreta gehiago behar du.”
Musika sortzerako garaian zeri ematen diozue garrantzi handiena? Erritmoa, akorde aldaketa bereziak…
Normalean ez diogu ezeri garrantzia gehiegi ematen, emaitzarekin gustura geratzen baldin bagara ongi. Forma naturalean konposatzen dugula uste dugu, Aimarrek edo Junek ideia nagusia ekarri eta gero guztiok batera forma eman, abestia osatu arte lantzen dugu.
Zuen lehen diskoak Buruhausteak du izena, nahiko gazteak zaretela eta hasi berriak zaretela kontuan hartuta, buruhauste handia izango zen disko bat sortzea, ezta? Kontatuko diguzue nola gertatu den?
Nahiko dinamiko eta azkar egin genuen, egia esan, ez ginen gehiegi zentratu zer zen benetan nahi genuena, nahi genuen soinua. Dena den, gure bigarren lanerako gehiago zentratuko gara horretan edo saiatu gara behintzat. Honek ez du esan nahi lehenengo diskoan ez dugula arreta edo motibazioa izan, alderantziz, baina , egia da gauza asko ikasi ditugula. Ondorioz, espero dugu bigarren diskoa zainduagoa eta ederragoa izatea.
Oso gutxi daramazue ZINEZ talde bezala. Baina bakoitzak zuen kabuz musikarekin aldez aurretik ze nolako erlazioa izan duzue?
Esan bezala batxiler eszenikotik gatoz, gehienak musika eskolan egon gara txikitatik, beste batzuk etxean kuxkuxeatzen eta baten bat kontserbatorioan dago. Esan dezakegu musika barik ezin dugula bizi, gure egunerokoan musika oso presente dago.
Zuen erreferenteak zeintzuk dira musika konposatzeko orduan? Adibideren eman ahal diguzue?
Oso ezberdinak gara gure artean. Batzuk punka entzuten dute, beste batzuk metal, beste batzuk jazz, pop… reggetoia hortik ere badago. Guztioi gustatzen zaigun talderen bat Berri Txarrak, Ibil Bedi, Etxekalte… hor batzuk, baina, esandakoa, oso zaila da. Hala ere, honek ere badu bere xarma.
Etorkizunean kolaborazioaren bat egitea gustatuko litzaizueke? Norekin?
Oraingoz ez ditugu kolaborazio gehiago egingo, gure azkeneko lanean Izan Ala Ez Izan EP-an Ibil Bedi, Skabidean eta Burutik taldeen kolaborazioak izan ditugu. Nork daki aurrerago zer gertatuko den baina oraingoz ez.
Nola ikusten duzue etorkizuna 2024rako?
Kanturen bat ateratzea espero dugu eta kontzertuak eman batez ere. Gure musika zabaltzea eta Euskal Herrian zehar ibiltzea, hori espero dugu.