Sexu-harremanak eta kandidiasia

Baginako kandidiasia Candida onddoak eragin­dako infekzioa da. Gure organismoan modu naturalean dago onddo hori; arazoa flora mikrobianoa desorekatzean sortzen da, defentsa-jaitsieren, anti­biotikoen, antisorgailuen eta bestelako faktoreen ondorioz. Ez du inolako arriskurik, eta oso ohikoa da.

Infekzio hori ez da genitaletan bakarrik agertzen (batez ere bulba duten pertsonengan), ahoan ere ager daiteke, baita traktu gastrointestinalean ere. Nahiko ohikoa da kandidiasia izatea; hortaz, ziur gaude noizbait galdetu diozula zeure buruari ea sexu-harremanik izan ahal duzun kandidiasia izanda. Egia esan, ez da gomendagarria. Nahiz eta, esan dizugun bezala, kandidiasia ez den sexu-transmisiozko infekzio bat, infekzio hori dagoen bitartean sexu-harremanak izateak zabaldu egin dezake, edo sintomak okertu. Lehenik eta behin, transmisioa gerta daiteke, hau da, nahiz eta STG bat ez izan, Candida onddoa sexu-harremanetan transmititu daiteke (batez ere babesik erabiltzen ez bada). Horrekin batera, gerta daiteke eremu genitala minduta badago, marruskadurak eta sexu-jarduerak sintomak are gehiago okertzea eta infektatutako pertsonaren errekuperazioa atzeratzea. Era berean, infekzioa erabat sendatzen uzten ez badugu, litekeena da berriro gaixotzea. Kandidiasiak eragindako infekzioren bat baduzu, sexu-harremanak izatea ez da esperientzia pozgarrienetako bat izango; ziurrenik, azkura eta deserosotasuna sentituko dituzulako. Hortaz, itxaron ezazu erabat sendatu arte.

Sexu-harremanak izan baino lehen, zure osasun-zentrora joan behar duzu, eta gomendatzen dizuten tratamendua bete, infekzioa erabat desagertu arte.