Hiyab ez eramateak ondorio larriak izan ditzake Iranen

Urriaren batean, Armita Geravand Teherango metroko bagoi batera igo zen. Handik gutxira, lagunek eta beste bidaiari batzuek konorterik gabe atera zuten trenetik.
28 egunez koman egon ondoren, ospitalean hil zen. Irango agintarien arabera, Armitak osasun arazoak zituen, eta horrenondorioz hil zen. Baina beste lekuko batzuek esan zuten
hiyab ez eramateagatik eraso ziotela.

Urriaren 1ean, metroko bagoi batean sartu, lurrera erori eta koman geratu zen. Hiru aste geroago, komatik burmuineko heriotzara pasatu zen. Irango hainbat hedabidek zabaldutako segurtasun-kameren irudien arabera, gaztea hiyabik gabe zihoan, eta konorterik gabe geratu zen treneko bagoian sartu eta segundo gutxira. Gero, nasara atera zuten berarekin zihoazen lagunen eta beste bidaiari batzuen artean.
Nazioarteko hainbat erakundek Armita Geravanden kasua ikertzeko eskatu dute, susmoa baitute gertatutakoa beloa jan­tzita ez eramatearekin lotuta dagoela, Mahsa Aminiri gertatu zitzaion bezala. Iranen derrigorrezkoa da jantzi hori erabiltzea, eta agintariek emakumeak kontrolatzeko neurriak gogortu dituzte azkenaldian.
Urriaren 1ean metroaren geltokian gertatu zena aldatu egiten da, iturriaren arabera. Alde batetik, bertsio ofiziala dugu. Armita artatu zuten medikuak aipatuta, IRNA agen­tzia ofizialistak honako hau argitaratu du: “Bera eta bere lagunak Shahadako geltokian metroko bagoira igotzear zeuden bitartean, bat-batean, ten­tsioak behera egin zion, oreka galdu zuen eta kolpea hartu zuen. Armitak garuneko lesio bat izan zezakeen, eta horrek eragin dio heriotza.” Beste alde batetik, giza eskubideen aldeko erakundeen bertsioa dugu. Iran Human Rightsek, beste erakunde batzuen artean, esan du gazteak garuneko lesioa izan zuela “derrigorrezko hiyab ezartzen zuten metroko agenteekin indarkeriazko topaketa bat izan ondoren”.
Urriaren hasieran, The Guardian egunkari britainiarrak artikulu bat argitaratu zuen, bi lekukoren adierazpenekin. Horien arabera, bagoira sartu eta gutxira, Armita Geravand hiyabaren erabilera kontrolatzeaz arduratzen zen emakume batekin eztabaidatzen hasi zen. “Eztabaida bortitz bihurtu zen. Hiyabaren arduraduna Armitari fisikoki erasotzen hasi zitzaion, eta bortizki bultzatu zuen”, esan zuen lekuko batek.


Bertsio ofizial faltsua?
Iran Human Rights edo/eta Amnesty International erakundeek salatu dutenez, Irango erregimena egia ezkutatzen saiatzen omen dabil, hainbat estrategia erabiliz:
•Hedabideetan zabaldu diren segurtasun-kameren irudiak aldatuz. Amnesty Internationalen ikerketaren arabera, metroaren grabaketetan hiru minutu eta 16 segundo falta dira.
•Armita Armadaren kontrolpeko ospitale batera eraman zuten.
•Albistearen berri ematen zuten kazetariak atxilotu zituzten.
•Lagunak eta senideak behartu zituzten elkarrizketak ematera, narratiba ofiziala indartzeko.
Gobernuak ez du bagoiaren barrualdearen irudirik argitaratu; beraz, ezinezkoa da jakitea zer gertatu zen, nahiz eta, seguru aski, han kamerak egon. NBEren Nazioarteko Ikerketa Misio Independenteak gertakariak ikertuko zituela iragarri zuen.