Euskaltzaleen Topaguneko hirugarren kongresua

Euskaltzaleen Topaguneko elkarte bazkideak eta hainbat instituzio eta erakundetako ordezkariak bildu ziren joan den hilabetean Arrasaten egindako III. Kongresuan, aro berri bati ekiteko helburuarekin. Aro berri horrek euskararen erabileran goranzko jauzia egitea du helburu, eta, hori lortzeko, hurrengo hamarkadarako Euskal-tzaleen Topaguneko zuzendaritzak proposatuko helburu eta estrategia berriak aho batez onartu ziren kongresuan.
Euskara bidegurutzean dagoela iritzita, euskararen biziberritze prozesuak gizarte osoaren inplikazioa eta bultzada behar duela adierazi zuen Jasone Mendizabalek, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak: “Gizartearen aniztasuna aintzat hartuta, askotariko eragileekin harremanak sendotu nahi ditugu, biziberritze prozesua elkarrekin bultzatzeko eta mugimendu euskaltzale sendo, zabal eta eraldatzailea osatzeko”.
Lehenetsitako lan-ardatzen artean, ondokoak daude: mugimendu euskaltzale eraldatzaile, anitz eta sendoa izatea eta herritarrak ahalduntzea; harreman sare sendoak izatea, askotariko eragileekin; erabileran jauzia emateko akordio sozio-politiko-instituzional berriak bultzatzea; eta mugimenduekin, euskal hiztunak sortzeko eta sozializatzeko ekimenak plazaratzea eta eragitea, besteak beste.
Euskaltzaleen Topagunea
Euskal Herri osoko 100 elkartek osatzen dute Euskaltzaleen Topagunea. Lurralde osoan barreiatutako 70 euskara elkarte daude batetik, 15.000 bazkidetik gora biltzen dituztenak. Gainera, hainbat Kulturgune, Tokikomen sarean integratutako toki komunikabideak eta aisialdian jarduten duen Kukulaisi elkartean bildutako taldeak biltzen dira Euskaltzaleen Topagunean.