Kirolak zeresana du GJHren garapenean

Kirolak mundua aldatzeko ahalmena du. Oinarrizko eskubidea da, bai eta gizarte-loturak sendotzeko, garapen iraunkorra eta bakea sustatzeko, eta pertsona guztientzako elkartasuna eta errespetua sustatzeko tresna indartsua ere. Emakumeen eta nesken, gazteen, desgaitasunen bat duten pertsonen eta baztertutako beste talde batzuen ahalduntzetik hasi, eta osasunaren, iraunkortasunaren eta hezkuntzaren helburuak sustatzeraino, kirolak ahalmen handia eskaintzen du Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) bultzatzeko eta bakea eta giza eskubideak sustatzeko.
Horri gehitu behar zaio kirolak bizimodu osasungarriak sustatzen dituela eta jarduera fisikorik ezaren arazoari heltzen diola, hainbat gaixotasunekin lotuta baitago. Kirola egiteak eragin zuzena du hezkuntzan, osasun fisikoan eta emozionalean, eta kirola egiten duten pertsona guztien portaeran, kultura- eta gizarte-eragile gisa.
Kirolak botere eraldatzailea du gizarteak gizarteratzeko eta integratzeko elementu gisa. Garapenean eta bakean laguntzen duen funtsezko faktorea da, errespetua, tolerantzia, ahalduntzea, gizarteratzea eta halako balioak sustatuz, eta zuzenean eragiten du osasun- eta hezkuntza-gaietan. Gainera, kirol inklusiboaren kasuan, desgaitasunen bat duten pertsonen eta desgaitasunik gabekoen arteko praktika bateratua sustatzen du, eta gehiago sakon­tzen du aukera-berdintasunarekin eta diziplina batera iristearekin lotutako alderdietan, diziplina hori praktikatzen duten pertsonen osasuna indartzen laguntzen baitu.
Horrela, kirola gizarte-aldaketarako tresna arrakastatsutzat hartzen da, gizarte-kohesioa, per­tsonen arteko harremanak sendotzea eta gazteen prestakuntza errazten baititu. Nazio Batuek aspalditik ematen diote kirolari boterea eta unibertsaltasuna. Norbanakoak eta taldeak batzeko tresna gisa erabiltzen dute, garapenerako kirol-ahaleginei lagunduz, mundu-mailako zein oinarri-mailako ekitaldietan parte hartuz, eta kirolarekin lotutako kanpainak eta ekimenak garatuz.
Ikuspegi horretatik, kirolak zuzenean laguntzen du NBEk 2030 Agendan ezarritako Garapen Iraunkorreko 17 Helburuetan jasotako erronka asko lortzen. Honako hauek nabarmentzen dira:

3. helburua- OSASUNA – ONGIZATEA: Pertsonen osasunari egiten dion ekarpen zuzena oso dokumentatuta dago hainbat argitalpen zientifikotan, eta frogatu dute bizitza sedentarioa eta kirol-jardueratik kanpo egotea osasun-egoera okerragoarekin lotuta dagoela. Horri gehitu behar zaizkio kirolak pertsonen osasunean dituen ondorio positibo guztiak; izan ere, kirolen bat egiteak sasoi fisiko hobea dakar, eta bizimodu osasungarriak sustatzen ditu. Kirola onuragarria da osasun mentalerako eta garapen kognitibo positiborako ere.

10. helburua- DESBERDINTASUNAK MURRIZTEA: Kirolaren bidez, eta bereziki kirol inklusiboaren bidez, errespetua, berdintasuna, enpatia, iraunkortasuna, gainditzea eta halako balioak sustatzen dira. Balio horiei esker, GJH horren espirituari lagun diezaiokegu, herrialdeen arteko aukera-desberdintasuna murriztu nahi baitu, baina baita herrialdeen barruan ere, pertsona guztien gizarteratze soziala, ekonomikoa eta politikoa sustatuz.

4. eta 5. helburuak- KALITATEZKO ETA GENERO-BERDINTASUNEKO HEZKUNTZA: Edonork goza dezake kirolaz, berdin dio adina, generoa edo nazionalitatea zein diren. Jarduera fisikoa ikastetxeen eta institutuen ikasketa-planetan integratzea fun­tsezkoa da hezkuntza osoa jasotzeko, osasuna hobetuko duena eta etorkizun hobe baterako balioetan irakatsiko duena. Gainera, kirola ere funtsezko elementua da mundu osoan emakume eta neskatilei eragiten dieten sexuagatiko desberdintasunak eta genero-arrakala hausteko orduan.

16. helburua-GIZARTE JUSTUAK, BAKETSUAK ETA INKLUSIBOAK: Bakeari egiten dion ekarpenean, kirolak sarritan ingurune seguruak eskaintzen ditu komunitate- eta oinarri-mailan, non parte-hartzaileek bat egiten duten helburu eta interes komunen bilaketan, errespetuaren, tolerantziaren eta joko garbiaren balioak ikasten dituzte, eta gizarte-gaitasunak garatzen dituzte. Kirolak zubiak eraiki ditzake komunitateen artean.