Carlos Moreno unibertsitateko irakasle eta Smart Cityko eta etorkizuneko lurraldeetako nazioarteko adituak sortu eta garatu du 15 minutuko hiria kontzeptua. Hamabost minutuko hiria definitzeko irizpideak sortzeko, hiriguneak ekonomiaren eta ingurumenarekiko jasangarritasunaren arabera egokitzea izan zuen helburu. Kontzeptu horren bidez, hiriak birdiseinatu nahi dira, bertako biztanleek jarduera pertsonalak, lanekoak eta aisialdikoak egin ahal izateko, eta behar dituzten zerbitzu guztiak eskuratu ahal izateko, 15 minutura oinez edo bizikletaz, garraio publikoaren edo norbere ibilgailuaren beharrik gabe.
Morenok honela laburbiltzen ditu mota honetako hiriak: “eredu polizentrikoa, poliedrikoa, erabilera anitzeko zentralitate ugarirekin”. Hau da, barruti bakoitzean denetarik dago, eta ondo funtzionatzen du. Horren ondorioz, hiria “orekatu” egiten da, bai maila sozialean, bai ekonomikoan, bai ingurumenean.
Komunitateari, berdintasunari eta giza aurrerapenari egindako aldarrikapena da. Baita jasangarritasunari ere, ez baita beharrezkoa autoa erabiltzea. Eskema berri horren barruan oso baloratuta dagoen beste faktore bat denbora da. Kontzeptuaren sortzaileak defendatzen duen hiri-ereduko bizimodua lasaia da, eta joan-etorrietan xahutzen dugun denbora sormenerako eta berrikuntzarako erabiltzeko aukera.
Euskal Hiria kontzeptua
Maila autonomikoan, adituak Euskal Hiria kontzeptua ezagutzen du, eta Euskadik “funtzionaltasunak berrorekatuko dituzten lurralde-sareak” sortzeko duen ahalmenean sinesten du. Hori bai, iraultza epe ertainerako plan arduratsu bat diseinatzean datza, azpiegituretan ez ezik, kontzeptu horri beste buelta bat ematean eta hirien diseinu berrian presente jartzean ere inbertituko duena. Morenoren ustez, funtsezko beste balio bat da “herritarrengana hurbildu behar dela, aldaketaren parte senti daitezen”. Azken ukitua emateko, ahalik eta adostasun politiko zabalena eraikitzea komeni da.
Morenoren hitzetan, Gasteiz eta Bilbo bezalako hiriburuetan “oso testuinguru ona dago inguruetan oinarritutako hiri-ikuspegi horretarako”. Gasteizen kasuan, politika publikoak “superetxaldeetara, tranbietara, bidegorrietara eta autobus elektriko adimendunetara” bideratu dira. Bilbao Metropoli-30ek ST3 (Strategic Trends Think Tank) ekimena abiarazi du. Ekimen horren helburuak auzoaren kontzeptua birformulatzea, zerbitzuak deszentralizatzea eta bizimodu berriak sustatzea dira. Bilbon, garraio publikoen sare zabala dago, bidegorrien sarea, eta oinezkoentzako gune ugari dagoenez, ia Bilbo osoa 15 minutuko hiria da. Gainera, barruti guztietan hurbileko merkataritza eta aisialdirako guneak daude. Morenok adierazi du Euskadi hamabost minutuko hiriari begi onez begiratzen hasi den arren, denbora gehiago eman behar zaiola berrantolatzeko.
15 minutuko Hiria irizpideak
Deyde DataCentricen datu-azterketaren arabera, honako irizpide hauek hartu behar dira kontuan 15 minutuko hiri gisa hartzeko:
Gehieneko distantzia oinez, 15 min: 1.200 metroko erradioa.
Distantzia maximoa bizikletaz, 15 min: 2.400 metroko erradioa.
Azterlanak 6 baldintza markatzen ditu, hiri guztiek bete behar dituztenak kategoria horretan sartzeko. Irizpide horietakoren bat betetzen ez bada, zona hori ezin da 15 minutuko hiri gisa katalogatu.
• Hornidura: elikadura (supermerkatuak eta dendak), banka eta zerbitzuguneak.
• Osasuna: osasun-laguntza (ospitaleak edo osasun-zentroak) eta farmaziak.
• Lana: enplegagarritasuna (kokaturiko enpresen plantilla) eta garraiobide publikoak.
• Bizi-kalitatea: berdeguneak eta erakunde ofizialak.
• Aisialdia: ostalaritza eta entretenimendua (kirol-instalazioak, zinemak eta auditoriumak).
• Hezkuntza: ikastetxeak eta institutuak.