Aurtengo Durangoko Azoka “gaztea, anitza, aktuala eta bogan dauden joerak jasoko dituena”, izango zela aurreratu zuten antolatzaileek. Eta hitzetik ekintzetara. Literatura eta musika nobedadeak ez ezik, teknologia berriei eta adimen artifizialaren iraultzari buruz asko hitz egin da 58.edizioan. Esaterako, erronka digitala eta adimen artifizialaren aplikazioa eta AAA (Adimen Artifiziala Auzitan) ideia deialdiaren irabazleen aurkezpenak izan dira egitarauan.
Xabier Landabidea irakaslea, ikertzailea eta ikus-entzunezko komunikazioan aditua da, eta Durangoko Azokako aurpegi ezaguna da; izan ere, berak eskuratu zuen Sormen Beka 2018an, Atopia rol-jokoarekin, euskaraz sortutako eta argitaratutako lehen rol-jokoarekin. Ordutik hona gauzak asko aldatu dira eta edizio honetan AAA (Adimen Artifiziala Auzitan) mahainguruaren arduraduna izan da.
Badalab, HDGunea eta Tabakalera Medialaben artean sortutako ideia deialdia abenduaren 6an ezagutzera eman zen Azokan. “Ideia deialdiaren irabazleak ezagutzera eman ziren eta lau proposamen aurkeztu ziren adimen artifizialarekin gauzak egiteko. Oso modan dagoen gauza bat da eta iruditu zitzaigun bazela momentua Euskal Herritik eta euskaraz, guri balio diguten gauzak pentsatzeko”, gogoratu du.
Gauzak horrela, proposamen oso ezberdinak aurkeztu ziren eta bakoitzak 1.500 euroko saria jaso du. Batzuk aipatzearren, proposamen batek planteatzen zuen hizkuntza gutxituetako hiztunak harremanetan jartzea hizkuntza nagusietatik igaro gabe, hau da, gales bat eta euskaldun bat, adibidez, harremanetan jarri ahal izatea ingelesetik edo gaztelaniatik pasatu gabe. Beste batek, berriz, azpitituluak automatikoki sortu eta itzultzeko ideia aurkeztu zuen euskarazko edukiak sortzeko. “Balio digu? Ez digu balio? Zer prezio ari gara ordaintzen horren truke? Egia esan mahaingurua oso ondo egon zen, aretoa beteta egon zen, galderak egon ziren eta oso pozik gaude lehen deialdi honek izan duen erantzunarekin”, azaldu du Landabideak.
Aurkeztutako ideiak zabaltzen dituzten etorkizuneko ildoak elkarrekin hausnartu ondoren, adimen artifizialaren inguruan dauden eztabaidekin oso kritikoa da irakaslea. “Oso teknologia interesgarria da, baina lilura fase baten gaude oraindik. Gauza batzuk geratuko dira ziur, baina beste batzuk ez. Azokan adibidez egin dena zentzurik onenean egin dela ikusi dut. Galderak egiten, zertarako erabil daitekeen eta abar. Ikuspuntu ona eman zaiola uste dut” eta gaineratu du “momentuz oso esku gutxitan dagoen gauza bat da, potentziala dauka botere handia kontzentratzeko eta horrek erregulazio demokratiko bat behar du”.