Eskolan, lagunekin, kirolean, lanean… Eta ostalaritzan eta merkataritzan ere bai. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak laugarren urtez jarraian martxan jarri du ‘Eskatu Eskaini Euskaraz’ kanpaina merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatu eta erabiltzaileak sentsibilizatzeko. Ekimenaren sustatzaileen arabera, helburu bikoitza du abenduan martxan jartzen den kanpaina honek: herritarrak eta kontsumitzaileak aktibatu euskara erosketa eta kontsumitze unean erabiltzera, eta jarduera ekonomikoa herrian duten merkatari eta ostalariak gonbidatu euskaraz gerturatzen zaion herritarrari euskaraz keinu egitera.
Gainera, aurtengo kanpainak bete betean bat egiten du Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin lankidetzan, ekainean martxan jarri zuen marka berriarekin: e// – Euskaraz Barra-Barra. Ikur berri honek euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzea du helburu herritarrek gune horietan estres linguistikorik gabe aritzeko. Barra-barra ikusgai dagoen establezimenduetan, gutxienez, ulermena bermatuta dago establezimendua irekita dagoen une oro. Horrez gain, euskaraz hitz egiteko gonbidapena ere izan nahi du marka berriak. Horrela ba, establezimendu askotan bat egingo dute Euskaraz Barra-Barra markak eta ‘Eskatu Eskaini Euskaraz’ kanpainak. Biek dute euskararen erabilera sustatzea helburu.
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztu da kanpainaren laugarren edizioa eta aurreko urteetan bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundiek, udalek (EUDEL eta UEMA) ez ezik, hainbat mankomunitate eta kuadrillak ere bat egin dute. Horrela, elkarlanean eta koordinazioan, baita merkataritza eta ostalaritza elkarteekin ere, oinarritutako kanpaina da astelehen honetan aurkeztutakoa. 2023ko ekimen honekin guztira Arabako zazpi herrik, Bizkaiko zortzik eta Gipuzkoako bederatzik egin dute bat ekimenarekin, baita UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko EAEko 107 udalerriek ere.
Astelehen honetako aurkezpenean Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek, Gasteizko euskara zinegotzi María Nanclaresek, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatu Jone Berriozabalek eta Aenkomer eta Gasteiz On merkataritza elkarteetako ordezkariek parte hartu dute.
Dobaranek azaldu duenez, «eskatu, eskaini euskaraz kanpaina bere ibilbidea egiten ari da azken lau urte hauetan udalek kanpainarekiko izan duten parte hartze onagatik. Aurtengoan, berrikuntza batekin dator kanpaina. Euskaraz Barra-Barra marka izango duten establezimenduetan ere euskara erabiltzeko gonbidapena egitera dator». Hizkuntza Politikako sailburuordeak azpimarratu du Euskaraz Barra-Barra markaren garrantzia, «euskarazko harremanak izateko aukerak ugaritzea da gure helburua, gune babestuak sortzea, hizkuntza estresik gabeak, hain zuzen. Eta Euskaraz Barra-Barra ekimen berriak horretan lagunduko digu».
Maria Nanclares zinegotzia erakundeen eta merkataritza elkarteen arteko lankidetzak emandako fruituez aritu da, «hemen gauden erakunde eta elkarte guztiok norabide berean egiten dugu arraun, helburu berarekin: bezeroak eta merkatariak konektatzea, harremanak euskaraz izan ditzaten. Bai ostalaritzako edo merkataritzako negozio batean sartzen diren pertsonek, bai arreta ematen dutenek, hasieratik euskaraz hitz egiteko beldurra galtzea», esan du.
Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatu Jone Berriozabalek azpimarratu duenez, «bidezkoa da sektoreak azken urteotan egindako ahalegina aitortzea. Araba euskaldunago batean, bertako enpresak, gizarteak berak planteatutako aldarrikapenak gogoan hartzen hasi ziren, eskaintzen zituzten produktu eta zerbitzuei euskararen balioa erantsiz».